1. Egun haietan, filistearrak beren gudari-taldeak bildu eta Israelen aurka borrokatzeko prestatu ziren. Akixek esan zion Davidi:—Badakizue zuk eta zure gizonek nirekin etorri behar duzuela gudura.
2. Davidek erantzun zion:—Eta ikusiko duzu zer egingo duen zure morroi honek.Akixek Davidi:—Ongi! Neure zaintzaile egiten zaitut betiko.
3. Hila zen Samuel; eginak zizkion Israel osoak hiletak eta ehortzia zuten bere hiri Raman. Saulek, bestalde, uxatuak zituen nekromanteak eta igarleak.
4. Filistearrek bildu eta Xunemen ezarri zituzten guda-etxolak. Saulek ere bildu zuen Israel osoa eta Gilboan ezarri zituen guda-etxolak.
5. Saul, filistearren kanpalekua ikustean, beldurtu egin zen eta bihotza dardaratu zitzaion.
6. Kontsulta egin zion Saulek Jaunari; honek, ordea, ez zion erantzun, ez ametsetan, ez Urimen bidez, ezta profeten bidez ere.
7. Orduan, esan zien Saulek bere laguntzaileei:—Bilatu nekromante-ahalmena dukeen emakumeren bat, berarengana joan eta kontsulta egiteko.Laguntzaileek erantzun zioten:—Bada Endor-en nekromante-ahalmena duen emakume bat.
8. Aldatu zuen Saulek bere itxura beste soineko batzuk jantziz eta bi gizonekin joan zen. Gauez emakumeagana heldu eta esan zion Saulek:—Igar iezadazu etorkizuna, hilei dei eginez. Agerrarazi esango dizudan hildakoa.
9. Emakumeak erantzun zion:—Badakizu zer egin zuen Saulek: desagerrarazi egin zituen igarleak eta nekromanteak. Ni hil nahian al zabiltza?
10. Zin egin zuen Saulek Jainkoarengatik, esanez:—Jauna badela bezain egia da ez zaizula inolako gaitzik etorriko hori egiteagatik.
11. Emakumeak, orduan:—Nor nahi duzu agerraraztea?Saulek erantzun:—Agerrarazi Samuel.
12. Emakumeak, Samuel ikusi zuelarik, garrasi handia egin eta esan zion Sauli:—Zergatik engainatu nauzu? Saul zara zu!
13. Erregeak erantzun zion:—Ez izan beldur. Zer ikusten duzu?Emakumeak Sauli:—Espiritu bat dakusat lurpetik igotzen.
14. Eta Saulek:—Nolakoa da?Emakumeak erantzun:—Gizon zaharra, soingainekoz jantzia.Antzeman zion Saulek Samuel zela, eta lurreraino makurtuz ahuspeztu egin zitzaion.
15. Samuelek esan zion Sauli:—Zergatik asaldatu nauzu igoaraziz?Saulek erantzun:—Oso larri nago. Filistearrak borrokan ari zaizkit, eta Jainkoa urrundu egin zait; ez dit erantzun nahi, ez profeten bidez, ez ametsen bidez. Zer egin behar dudan erakuts diezadazun egin dizut dei.
16. Samuelek erantzun zion:—Jauna urrundu baldin bazaizu eta kontra jarri, zertarako egin niri kontsulta?
17. Nire bitartez esan zuena bete du Jaunak: zure eskuetatik erregetza kendu eta beste bati eman dio, Davidi.
18. Ez zenuen bete Jaunaren esana, ez zenion erakutsi Amaleki Jaunaren haserre gorria. Horregatik egin du orain hau Jaunak.