Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 23:14-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. David basamortura joan zen bizitzera, hango haitzarteetara, eta Zif basamortuko mendietan gelditu zen. Egunero zebilen Saul Daviden bila, baina Jainkoak ez zuen David haren eskuetara eman.

15. Ikusi zuen Davidek Saul aterea zela berari bizia kentzeko eta Zif basamortuan gorde zen, Horexen.

16. Jonatan, Saulen semea, Horexera joan zen Daviden bila, eta Jainkoarengan uste on izatera bultzatu zuen,

17. esanez: «Ez izan beldur. Ez zaitu harrapatuko gure aita Saulek. Israelgo errege izango zara, eta ni bigarren, zure hurrengo. Gure aita Saulek berak ere badaki hori».

18. Ituna egin zuten biek Jaunaren aurrean. David Horexen gelditu zen, eta Jonatan etxera itzuli.

19. Zifeko batzuek Gibeara igo eta esan zioten Sauli:—Ez al dakizu David gure artean gordetzen dela, Horexeko haitzarteetan, basamortuaren hegoalderantz dagoen Hakila mendixkan?

20. Orain, bada, errege jauna, halako gogoa baldin baduzu, jaitsi zaitez, geuk emanen dizugu gizon hori eskuetara.

21. Saulek erantzun:—Bedeinka zaitzatela Jaunak, nitaz errukitu zaretelako.

22. Zoazte, otoi; iker ezazue ongi, jakizue eta ikusi non dabilen, jakin nork ikusi duen. Oso azeria omen da.

23. Aztertu eta jakin zein ingurutan dagoen gordea eta itzuli niregana, non dabilen ziur jakinez. Gero, zuekin joango naiz. Inguru horietan baldin bada, Judako senitarte guztietan ibiliko naiz berorren bila.

24. Gizon haiek Ziferantz abiatu ziren, Saulen aurretik. David, berriz, bere gizonekin Maon eremuan zebilen, lautadan, basamortuaren hegoaldera.

25. Saul bere gizonekin Daviden bila hasi zen. Horren berri izatean, David haitzartera jaitsi eta Maon eremuan gelditu zen. Saul ere, hori jakitean, Maon eremuan barrena abiatu zen, Daviden ondoren.

26. Saul mendi-malda batetik zihoan; David, berriz, bere gizonekin beste maldatik. David lasterka zihoan, Saulengandik ihesi. Saul bere gizonekin David eta beronen gizonak inguratzen ari zen, harrapatzeko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 23