Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 18:13-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Orduan, Saulek, David bere ondotik urruntzearren, mila gizonen buruzagi egin zuen. Davidek gidatzen zuen jende hura gudurako joan-etorrietan.

14. Garaile atera ohi zen David egintza guztietan, Jaunak laguntzen baitzion.

15. Denetan ongi ateratzen zela ikusiz, Saulek beldurra hartu zion Davidi.

16. Israel eta Juda osoak, aldiz, maite zuten David, gudurako joan-etorrietan gidatzen zituelako.

17. Behin batean, esan zion Saulek Davidi:—Gizon ausarta izaten bazara eta Jaunaren guduetan bizkor borrokatzen, Merab ene alaba zaharrena emanen dizut emazte.Izan ere, Saulek honela zioen bere baitan: «Ez diot nik eskurik erantsiko; erants diezaiotela filistearrek».

18. Davidek, ordea, Sauli:—Nor naiz ni, ordea, eta zein da ene jatorria, zein ene aitaren jatorria Israelen, ni erregearen suhi bihurtzeko?

19. Alaba Merab Davidi emateko garaia heltzean, ordea, Saulek Meholako Adrieli eman zion emazte.

20. Mikal, Saulen beste alaba, Davidez maitemindua zegoen. Eta halaxe jakinarazi zioten Sauli, eta atsegin gertatu zitzaion berri hori.

21. Hau zioen berekiko: «Tranpan harrapatzeko emango diot alaba, ea filistearrek eskua eransten dioten».Esan zion, beraz, Saulek Davidi:—Gaur ene suhi izango zara.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 18