Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17:36-53 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

36. Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.

37. Gero, esan zuen:—Lehoi eta hartzen atzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren atzaparretatik.Saulek, orduan, Davidi:—Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!

38. Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; baita brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere.

39. Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:—Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua.Eta erantzi egin zituen soinetik.

40. Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun-leun aukeratu eta artzain-zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.

41. Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela.

42. Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen.

43. Filistearrak esan zion Davidi:—Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean,

44. eta esan zion:—Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.

45. Davidek ihardetsi zion filistearrari:—Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armatua zatozkit. Ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk desafiatu dituzun israeldar gudarosteen Jainkoaren izenean.

46. Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan. Hilko zaitut eta burua moztuko. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango dizkiet gaur bertan filistear gudarien gorpuak. Honela, lur osoak jakinen du baduela Israelek Jainkoa.

47. Eta hemen bilduak diren guztiek jakinen dute, Jaunak ez duela behar ezpatarik, ez lantzarik gu salbatzeko, Jaunak baitu gudua erabakitzen. Gure esku jarriko zaituzte berak.

48. Filistearra abiatu eta Davidengana hurbiltzen hasi zenean, David bizkor eta lasterka joan zen borroka-tokira, filistearrari aurre egitera.

49. Eskua zorroan sartuz harri bat atera, habailaz jaurti, eta bekokian jo zuen filistearra; harria bekokian sartu zitzaion eta ahuspez jausi zen lurrera.

50. Halaxe nagusitu zitzaion David filistearrari, habaila eta harri batez. Horrela jo eta hil zuen filistearra. Davidek, ez baitzuen ezpatarik eskuetan,

51. lasterka joan, filistearraren ezpata hartu, zorrotik atera eta lepoa moztu zion, filistearra bertan akabatuz.Filistearrak, beren gizon adoretsua hila zela ikustean, ihesi joan ziren.

52. Orduan, Israel eta Judako gizonak jaiki, irrintzia egin eta filistearren ondoren abiatu ziren haraneko sarreraraino eta Ekrongo ateetaraino. Filistear asko erori zen hilik Xaaraim bidean, Gat eta Ekroneraino.

53. Filistearrei erasotzetik itzultzean, beraien kanpalekuko guztia ostu zuten israeldarrek.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 17