Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17:18-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Hamar gazta hauek mila gizonen buruzagiari eramango dizkiozu. Galdegizu anaiak ongi diren, eta eskura ezazu haien hartu-agiria.

19. Saul eta zure anaiak eta israeldar guztiak Terebinto haranean daude filistearren aurka borrokan.

20. Jaiki zen goizean goiz David, utzi zuen artaldea zaintzailearen ardurapean eta, zama harturik, abiatu zen, Jesek agindu bezala. Kanpalekura heldu zenean, gudarostea borrokara ateratzen ari zen, guda-deiadarrak eginez.

21. Israeldarrak eta filistearrak aurrez aurre jarri ziren lerroka.

22. David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudalekuraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei.

23. Haiekin hizketan ari zelarik, han agertu zen filistearren lerro artetik Goliat izeneko gizon adoretsu hura, Gateko filistearra, lehengo erronka bera eginez. Davidek entzun egin zion.

24. Israeldar guztiek, gizon hura ikustean, ihes egin zuten haren aurretik, arras izuturik.

25. Israeldar batek zioen:—Ikusten al duzue hor gora datorren gizon hori? Israeli erronka eginez dator. Gizon hori hilko duenari ondasun franko emango dio erregeak, bere alaba ere bai. Zergak ordaintzetik ere libratuko du halakoaren etxea Israelen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 17