Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 14:9-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Eta «Geldi, gu zuengana joan arte!» esaten badigute, geure tokian geldituko gara, beraiengana igo gabe.

10. Aldiz, «Igo guregana!» esaten badigute, igo eginen gara, Jaunak eskura emango baitizkigu. Horixe izanen dugu seinale.

11. Agertu ziren, bada, biak filistearren gudari-toki aurrean, eta filistearrek honela zioten: «Hara, ateratzen ari dituk hebrearrak gorderik zeuden zuloetatik».

12. Gero, honela mintzatu zitzaizkien gudari-tokiko gizonak Jonatani eta ezkutariari:—Igo guregana; gauzatxo bat erakutsiko dizuegu.Jonatanek esan zion ezkutariari:—Igo nire atzetik. Israelen esku utzi ditu horiek Jaunak.

13. Igo zen, beraz, Jonatan katamarrean, esku-oinez lagundurik, ezkutaria ondoren zuela. Jonatanek jo eta bota egiten zituen filistearrak, eta, atzetik, ezkutariak akabatzen zituen.

14. Jonatanek eta ezkutariak egin zuten lehenbiziko triskantza honetan ia hogei gizon galdu ziren tarte txikian.

15. Izua nagusitu zen kanpalekuan eta zelaian, jende guztiarengan. Gudari-tokikoak eta erasotzaileak ere ikaratu egin ziren. Lurralde osoa dardaratu zen; beldur ikaragarria sartu zitzaien.

16. Benjamingo Gibean zeuden Saulen zelatariak, eta jendea harat-honat sakabanatzen ari zela ikusi zuten.

17. Orduan, Saulek esan zien berekin zituenei:—Begiratu eta ikusi nor joan den gure artetik.Begiratu zuten, bada, eta Jonatan eta ezkutaria falta ziren.

18. Saulek diotso Ahias apaizari:—Ekarri Jainkoaren kutxa!Berekin zuten, izan ere, israeldarrek egun hartan Jainkoaren kutxa.

19. Saul apaizarekin hizketan ari zen bitarte hartan, ordea, gero eta handiagoa bihurtu zen zalaparta filistearren kanpalekuan. Saulek esan zion apaizari:—Uztazu!

20. Bildu ziren Saul eta berarekin ziren gizonak, eta guda-zelairaino heldu ziren. Etsaiak elkar joka ari ziren ezpataz. Hura zen nahasmendua!

21. Lehendik filistearren zerbitzura egon eta berauen zelaira igotako hebrearrak israeldarrengana igaro ziren, Saul eta Jonatanen aldera.

22. Efraimgo mendialdean gorderik zeuden israeldar guztiak ere, filistearrak ihesi zihoazela ohartzean, beretarrengana bildu ziren, filistearren ondoren erasoka joateko.

23. Bet-Abeneraino zabaldu zen gatazka. Egun hartan Israeli eman zion Jaunak garaipena.

24. Larri zeuden egun hartan israeldarrak, Saulek honelako zin-hitzez mehatxatu baitzuen jendea: «Madarikatua ilunabarra baino lehen, neure etsaiez mendeka nadin arte, zerbait jan dezana!» Hala, inork ez zuen deus ere jan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 14