Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 14:34-50 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

34. Gero, agindu zuen:—Sakabana zaitezte jende artera; esaiezue, ekar diezadala nork bere idia edota ardia; hil itzazue hemen eta jan orduan. Horrela, ez duzue Jaunaren kontra bekaturik egingo odol eta guzti janez.Ekarri zuten, bada, gau hartan guztiek nork bere esku zuen idia eta bertan hil.

35. Saulek aldarea egin zion Jaunari. Hauxe izan zen Jaunari egin zion lehenbiziko aldarea.

36. Ondoren, honela mintzatu zen Saul:—Jaitsi gaitezen gauez filistearren ondoren erasoka eta desegin ditzagun eguna argitu arte. Ez utzi bat ere bizirik.Jendeak erantzun zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna.Apaizak, aldiz, esan zuen:—Jo dezagun lehenik Jainkoarengana.

37. Saulek kontsulta egin zion Jaunari:—Erasoko al diet filistearrei? Israeldarron esku utziko al dituzu?Baina Jainkoak ez zion deus ere erantzun egun hartan.

38. Saulek, orduan:—Zatozte hona buruzagi guztiak. Azter ezazue zertan egin dugun gaur bekatu.

39. Ala Jauna, Israelen Salbatzailea! Egin duenak, nire seme Jonatan bera bada ere, erremediorik gabe hil beharko du.Inork ere ez zion erantzun.

40. Orduan, Saulek esan zien israeldar guztiei:—Jar zaitezte zuek alde batean; nire seme Jonatan eta biok bestean jarriko gara.Jendeak ihardetsi zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna.

41. Saulek, orduan, esan zion Jaunari:—Israelen Jainko, ager iezaguzu egia osoa.Zotz egin eta Jonatan eta Saul izendatu zituen Jainkoak; herria, aldiz, libre atera zen.

42. Saulek, orduan:—Egin zotz, ni eta nire seme Jonatanen artean.Eta Jonatan atera zen errudun.

43. Saulek diotso Jonatani:—Esadazu zer egin duzun!Jonatanek erantzun:—Eskuan neraman makila-muturrean ezti pittin bat hartu nuen eta jan. Prest nago hiltzeko!

44. Saulek semeari:—Zigor nazala Jaunak gogor, hilarazten ez bazaitut, Jonatan.

45. Herriak, ordea, esan zion Sauli:—Hil beharra duela Jonatanek, Israeli halako garaipena ekarri ondoren? Inola ere ez! Ala Jauna! Buruko ile bat ere ez zaio eroriko lurrera. Jainkoaren laguntzaz egin du gaur egin duena.Honela libratu zuen herriak Jonatan heriotzatik.

46. Saul, berriz, filistearrei eraso gabe itzuli zen, eta filistearrek beren lurralderantz jo zuten.

47. Saul, Israelgo erregetza harturik, inguruetako etsai ororen kontra borrokatu zen: moabdar, amondar eta edomdarren kontra, Tzobako erregeen eta filistearren kontra. Nora jo, han nagusitzen zen.

48. Adoretsu jokatuz, menderatu zituen amalektarrak ere, Israel bere zapaltzaileengandik askatuz.

49. Hiru seme izan zituen Saulek: Jonatan, Ixbi eta Malki-Xua; baita bi alaba ere: Merab zaharrena eta Mikal gazteena.

50. Saulen emaztea Ahinoam zen, Ahimaatzen alaba. Gudarostearen buruzagia Abner, Saulen osaba Ner-en semea;

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 14