Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 14:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Behin batean, Saulen seme Jonatanek esan zion bere ezkutariari:—Zatoz, goazen hemendik beste aldera, filistearren gudari-tokiraino.Aitari, ordea, ez zion deus ere jakinarazi.

2. Saul Migrongo granadondoaren azpian zegoen, Gibeako mugetan, seiehunen bat gizon berekin zituela.

3. Ahituben seme Ahiasek zeraman efod delakoa. Aipatutako Ahitub hori Ikaboden anaia zen, Pinhasen semea; Pinhas, berriz, Xilon Jaunaren apaiz izaniko Eliren semea. Jendea ez zen ohartu Jonatan alde egina zenik.

4. Filistearren gudari-tokira igotzeko Jonatanek ibili behar zuen mendatearen alde banatan bi haitz zorrotz zeuden; Bozetz zuen batek izena, Sene besteak;

5. bata iparraldean zegoen, Mikmasen aurrean; bestea hegoaldean, Gebaren aurrean.

6. Jonatanek diotso bere ezkutariari:—Zatoz, goazen jentil arrotz horien gudari-tokiraino. Behar bada, lagunduko digu Jaunak, ez baitu eragozpenik jende askorekin nahiz gutxirekin garaipena emateko.

7. Ezkutariak erantzun zion:—Egizu nahi duzuna. Aurrera! Zeurekin nauzu, nahi duzunerako.

8. Jonatanek gehitu zuen:—Goazen, bada, jentil arrotz horiengana. Ikus gaitzatela.

9. Eta «Geldi, gu zuengana joan arte!» esaten badigute, geure tokian geldituko gara, beraiengana igo gabe.

10. Aldiz, «Igo guregana!» esaten badigute, igo eginen gara, Jaunak eskura emango baitizkigu. Horixe izanen dugu seinale.

11. Agertu ziren, bada, biak filistearren gudari-toki aurrean, eta filistearrek honela zioten: «Hara, ateratzen ari dituk hebrearrak gorderik zeuden zuloetatik».

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 14