Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 12:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Samuel honela mintzatu zitzaien israeldar guztiei:—Horra, aditu dizuet eskatu dizkidazuen gauza guztietan eta eman dizuet erregea;

2. aurrerantzean erregea izanen duzue gidari. Zahartu naiz ni eta zuritu zait burua; baina zeuen artean dituzue nire semeak. Gidari izan nauzue gazte nintzenetik gaurdaino.

3. Hemen nauzue. Esan Jaunaren eta beronen gantzutuaren aitzinean, nire aurka ezer baduzuen: zuetariko inori idia nahiz astoa kendu diodan, inori iruzurrik edota zapalketarik egin diodan, inori eskupekorik hartu ote diodan, beraren arazoari ez ikusiarena egiteko. Emanen diot ordaina.

4. Honela erantzun zion herriak:—Ez diguzu iruzurrik egin, ezta zapalketarik ere, ez duzu inoren eskutik deus hartu.

5. Samuelek, orduan:—Lekuko dut gaur Jauna zuen aurrean, eta lekuko dut beronen gantzutua ere, eskuak garbi ditudala.Haiek erantzun zioten:—Lekuko gaituzu, bai.

6. Eta Samuelek jarraitu zuen:—Lekuko dut, bada, Moises eta Aaron sorrarazi eta zuen arbasoak Egiptotik atera zituen Jauna.

7. Orain, ordea, entzudazue: badut zuen kontra esatekorik Jaunaren aurrean. Hona zein leial izan den Jauna zuekiko eta zuen arbasoekiko:

8. Jakob Egiptora joan eta zuen arbasoek Jaunari oihu egin ziotenean, Jaunak Moises eta Aaron igorri zizkien; hauek atera zituzten zuen arbasoak Egiptotik eta lurralde honetan kokarazi.

9. Zuen arbasoak ahaztu egin ziren, ordea, Jaunaz, beren Jainkoaz, eta Jaunak Hatzorko gudarostearen buruzagi zen Sisera-ren eskuetara eman zituen, baita filistearren eta Moabeko erregearen eskuetara ere, eta hauek gudukatu egin zituzten zuen arbasoak.

10. Orduan, oihu egin zioten Jaunari, esanez: «Bekatu egin dugu, baztertu egin dugu Jauna, Baalen eta Astarteren irudiak gurtzeko. Aska gaitzazu orain geure etsaien eskuetatik eta zerbitzatuko zaitugu».

11. Orduan, Jaunak Jerubaal, Bedan, Jefte eta Samuel bidali eta askatu egin zintuzten inguruan zenituzten etsaien eskuetatik, eta lasai bizi izan zarete.

12. Baina amondarren errege Nahax zuen aurka zetorrela ikusi orduko, «Utikan! Erregea nahi dugu agintari!» esan zenidaten, Jauna, zeuen Jainkoa, errege zenutelarik.

13. Hemen duzue, bada, zeuek hautatu eta eskatu duzuen erregea. Hara, Jaunak erregea eman dizue.

14. Jaunari begirune badiozue, bera zerbitzatzen baduzue eta beraren esana aditzen, Jaunaren hitza gutxiesten ez baduzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, gidatuko zaituzte, bai zuek, bai zeuen agintari izango duzuen erregea.

15. Baina Jaunaren esana entzun ez eta haren hitza gutxiesten baduzue, bere eskua jasoko du Jaunak zuen aurka, zuen arbasoen aurka egin zuen bezala.

16. Zaudete, beraz, adi orain, Jaunak zuen aurrean eginen duen gauza harrigarri hau ikusteko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 12