Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 11:5-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Une hartantxe zetorren Saul alorretik, idien ondoren, eta galdetu zuen:—Zer du herriak negar egiteko?Orduan, Jabexeko jendeak esandakoa adierazi zioten.

6. Hitz haiek aditzen ari zela, Jaunaren espirituak hartu zuen Saul eta amorru bizitan jarri zen.

7. Idi-parea hartu, laurkitu eta Israel lurralde osora bidali zituen puskak mandatari haiekin, esanez: «Hona zer egingo diegun Saulen eta Samuelen ondoren etortzen ez denaren idiei». Jaunaren beldurrak hartu zuen, orduan, herri osoa, eta denak bat eginik atera ziren.

8. Zenbatu zituen Saulek Bezek-en: hirurehun mila israeldar ziren eta hogeita hamar mila Judako seme.

9. Saulek, orduan, esan zien etorritako mandatariei:—Esaiezue Galaadeko Jabexekoei: «Bihar eguzkiak berotzean salbatuko zaituztegu».Itzuli ziren, bada, mandatariak eta esan zieten hori Jabexekoei. Hauek poztu egin ziren,

10. eta honela esan zieten amondarrei: «Bihar zuengana aterako gara, eta egokien deritzazuena egingo diguzue».

11. Biharamun goizean, Saulek hiru sailetan antolatu zuen gudarostea; egunsentian etsaiaren kanpaleku erdiraino sartu eta, eguerdiraino amondarrak triskatzen jardun zuen. Bizirik iraun zutenak sakabanatu egin ziren, bi lagun batera ez gelditzeraino.

12. Orduan, herriak esan zion Samueli:—Non dira Saul erregetzat nahi ez zutenak? Emazkiguzu, eta hil egingo ditugu.

13. Saulek, berriz:—Ez bedi gaur inor hil, Jaunak salbatu egin baitu gaur Israel.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 11