Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 11:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Nahax amondarra Galaadeko Jabex hiriari erasotzen hasi zitzaion. Jabexeko bizilagunek esan zioten Nahaxi:—Egin dezagun ituna, eta menpeko izanen gaituzu.

2. Nahax amondarrak erantzun zien:—Eginen dut, bai, zuekin ituna, baina guztioi eskuineko begia ateratzekotan, Israel osoa lotsagarri gerta dadin.

3. Jabexeko buruzagiek eskatu zioten, orduan:—Emaguzu zazpi eguneko epea, Israel lurralde osora mandatariak bidaltzeko. Lagunduko digunik inor ez bada, zure menpe jarriko gara.

4. Heldu ziren mandatariak Gibeara, Saulen hirira, eta jakinarazi zioten arazoa herriari. Orduan, herri osoa oihuka hasi zen eta negarrez.

5. Une hartantxe zetorren Saul alorretik, idien ondoren, eta galdetu zuen:—Zer du herriak negar egiteko?Orduan, Jabexeko jendeak esandakoa adierazi zioten.

6. Hitz haiek aditzen ari zela, Jaunaren espirituak hartu zuen Saul eta amorru bizitan jarri zen.

7. Idi-parea hartu, laurkitu eta Israel lurralde osora bidali zituen puskak mandatari haiekin, esanez: «Hona zer egingo diegun Saulen eta Samuelen ondoren etortzen ez denaren idiei». Jaunaren beldurrak hartu zuen, orduan, herri osoa, eta denak bat eginik atera ziren.

8. Zenbatu zituen Saulek Bezek-en: hirurehun mila israeldar ziren eta hogeita hamar mila Judako seme.

9. Saulek, orduan, esan zien etorritako mandatariei:—Esaiezue Galaadeko Jabexekoei: «Bihar eguzkiak berotzean salbatuko zaituztegu».Itzuli ziren, bada, mandatariak eta esan zieten hori Jabexekoei. Hauek poztu egin ziren,

10. eta honela esan zieten amondarrei: «Bihar zuengana aterako gara, eta egokien deritzazuena egingo diguzue».

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 11