Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 9:48-62 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

48. Orduan, Jonatan eta lagunak, Jordanera jauzi egin eta igerian heldu ziren beste aldera. Etsaiek, aldiz, ez zuten igaro ibaia juduen atzetik joateko.

49. Egun hartan, Bakidesen gudarosteko mila lagun inguru hil ziren.

50. Jerusalemera itzulirik, zenbait gotorleku eraiki zuen Bakidesek Judean: Jerikon, Emausen, Bet-Horonen, Betelen, Tamnatan, Faratonen eta Tefonen. Harresi garaiak eginarazi zituen, eta ateak eta morroiloak ipini.

51. Gotorleku bakoitzean gudari-talde bat utzi zuen, noizean behin Israeli erasotzeko.

52. Bet-Sur eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua ere sendotu zituen, beraietan gudari-taldeak eta janari-biltegiak eratuz.

53. Gero, inguru haietako jauntxoen semeak bahituran hartu eta Jerusalemgo gotorlekuan preso sartu zituen.

54. Ehun eta berrogeita hamahirugarren urteko bigarren hilean Alkimo apaiz nagusiak tenplu barruko atariko horma botatzeko agindu zuen, horrela profeten lana hondatuz.

55. Baina, botatzen hasi ziren orduan, gaitzak jo zuen Alkimo eta utzi egin behar izan zituzten botatze-lanak. Ahoa itxi eta gogortu egin zitzaion. Hitzik gabe gelditu zen eta bere azken borondatea ere ezin izan zuen adierazi.

56. Azkenean, oinaze bizitan hil zen Alkimo.

57. Hori ikustean, erregeagana itzuli zen Bakides. Horrela, Judea herrialdea lasai bizi izan zen bi urtez.

58. Legegabeko jendeak bildu eta zioen: «Jonatan eta lagunak lasai bizi dira, ezeren susmo txarrik gabe. Etorraraz dezagun orain Bakides eta atzeman ditzala denak gau batean».

59. Eta Bakidesengana joan ziren horretaz hitz egitera.

60. Atera zen Bakides gudari-talde handi batekin, eta Judeako bere lagun guztiei isilkako idazkia bidali zien, Jonatan eta lagunak harrapatzeko eskatuz. Baina ezin izan zuten, jakin egin baitzen haien asmoa.

61. Ordainez, azpijoko hartan buru izan ziren inguru haietako berrogeita hamar gizon harrapatu eta hil egin zituzten Jonatanen aldekoek.

62. Gero, Jonatan, Simon eta lagunak basamortura joan ziren, Bet-Basi izeneko hirira; hondatua zegoena berreraiki eta gotortu egin zuten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 9