Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 9:41-55 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

41. Horrela, eztei-jaia hileta bihurtu zen, eta kantu-soinuak negar-zotin.

42. Beren anaiaren odola mendekatu ondoren, Jonatan eta Simon Jordango bazter zingiratsuetara joan ziren.

43. Hori jakitean, larunbat batez Bakides Jordan ibaiertzera etorri zen gudari-talde handi batekin.

44. Jonatanek bere gizonei esan zien: «Izan adore! Borroka gaitezen bizia salbatzeko, gaur ez baita lehengo konturik.

45. Aurrean eta atzean etsaia dugu, saihets batean Jordango urak eta bestean zingirak eta sastrakak. Ez dugu ihesbiderik.

46. Egin deiadar Jainkoari, etsaien eskuetatik salba gaitzan».

47. Ekin zioten, beraz, borrokari. Jonatanek besoa luzatu zuen Bakides zauritzeko; Bakidesek, ordea, saihestu eta atzera egin zuen.

48. Orduan, Jonatan eta lagunak, Jordanera jauzi egin eta igerian heldu ziren beste aldera. Etsaiek, aldiz, ez zuten igaro ibaia juduen atzetik joateko.

49. Egun hartan, Bakidesen gudarosteko mila lagun inguru hil ziren.

50. Jerusalemera itzulirik, zenbait gotorleku eraiki zuen Bakidesek Judean: Jerikon, Emausen, Bet-Horonen, Betelen, Tamnatan, Faratonen eta Tefonen. Harresi garaiak eginarazi zituen, eta ateak eta morroiloak ipini.

51. Gotorleku bakoitzean gudari-talde bat utzi zuen, noizean behin Israeli erasotzeko.

52. Bet-Sur eta Gazara hiriak eta Jerusalemgo gotorlekua ere sendotu zituen, beraietan gudari-taldeak eta janari-biltegiak eratuz.

53. Gero, inguru haietako jauntxoen semeak bahituran hartu eta Jerusalemgo gotorlekuan preso sartu zituen.

54. Ehun eta berrogeita hamahirugarren urteko bigarren hilean Alkimo apaiz nagusiak tenplu barruko atariko horma botatzeko agindu zuen, horrela profeten lana hondatuz.

55. Baina, botatzen hasi ziren orduan, gaitzak jo zuen Alkimo eta utzi egin behar izan zituzten botatze-lanak. Ahoa itxi eta gogortu egin zitzaion. Hitzik gabe gelditu zen eta bere azken borondatea ere ezin izan zuen adierazi.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 9