Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 9:4-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Handik, hogei mila gizon eta bi mila zaldizkorekin, Berea hirirantz jo zuten.

5. Judasek Elasan zuen ezarria bere kanpalekua, eta aukerako hiru mila gizon zituen berekin.

6. Baina etsaiak zein ugari ziren ikustean, askok, beldurrak jota, alde egin zuen kanpalekutik; zortziehun gizon baizik ez ziren gelditu.

7. Ikusi zuen Judasek bere gudarostea ahuldua zegoela eta gudua gainean zuela; baina ez zuen astirik berriro biltzeko. Orduan, bihotza lur joa gelditu zitzaion.

8. Lur joa egon arren, esan zien gelditu zitzaizkion gizonei:—Jaiki! Goazen etsaien kontra; ea, aurre egin diezaiekegun.

9. Gizonek, ordea, atzera eragin nahiz, esan zioten:—Ezin dugu, gutxi gara eta. Orain, salba dezagun bizia! Gero, lagunak hartu eta itzuliko gara etsaiei aurre egitera.

10. Judasek ihardetsi zien:—Inola ere ez dut ihes egingo! Hiltzeko ordua heldu bazaigu, hil gaitezen adore osoz geure senideen alde, gure izen ona zikintzen utzi gabe.

11. Etsaien gudarostea kanpalekutik atera eta juduei erasotzeko prestatu zen. Zalditeria bi taldetan banatua zuten; habailariak, arkulariak eta gizonik adoretsuenak gudarostearen aurrealdean zetozen. Bakides, berriz, eskuinaldean.

12. Gudari-saila bi aldeetatik hurbildu zitzaien juduei, turutak joz; Judasen taldekoek ere jo zituzten berenak.

13. Lurra dardaratu egin zen bi gudarosteen zarata-hotsez. Ekin zioten guduari eta borrokan jardun zuten egunsentitik ilunabarreraino.

14. Bakides eta beronen gudari-talderik hoberenak eskuinaldean zirela ikusirik, Judasek, bere gizonik ausartenekin,

15. eskuineko gudari-sail hura menderatu eta pertsegitu egin zuen Azotoko muinoraino.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 9