Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 9:31-41 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Une hartan hartu zuen Jonatanek buruzagitza, bere anaia Judasen ondorengo bezala.

32. Hori jakitean, Jonatan hil nahian zebilen Bakides.

33. Jonatanek, anaia Simonek eta berauen aldeko guztiek, hori adierazi zietenean, Tekoako basamortura ihes egin zuten. Asfarreko urtegi ondoan ezarri zuten kanpalekua.

34. Larunbat batez izan zuen Bakidesek ihesi horren berri, eta Jordan ibaiaz beste aldera igaro zen bere gudaroste osoarekin.

35. Tresneria ugari zeramaten Jonatanek eta beronen taldekoek. Orduan, jende-taldearen gidari zen Joan bere anaia nabatearrengana, bere adiskideengana, bidali zuen Jonatanek, tresneria hura beraien artean uzteko baimen eske.

36. Baina Janbriren leinukoek, Madabakoek, eraso, Joan bera eta zeraman guztia bahitu eta harrapakinekin ihes egin zuten.

37. Aldi baten buruan, Jonatani eta anaia Simoni jakinarazi zieten: «Janbriren leinukoak eztei-jai handia egitekotan dira. Emaztegaia, Kanaango handikietako baten alaba, Nadabatetik dakarte jende-talde handi batekin».

38. Beren anaia Joan nola hil zuten oroiturik, Jonatan eta Simon mendira igo ziren eta bihurgune batean gorde.

39. Orduan, senargaia ikusi zuten bere adiskide eta ahaideekin beste taldearengana zetorrela, danbolinak joz eta kantari, musika-tresna asko eramanez, lagun-talde handi eta zaratatsu baten artean.

40. Jonatanek eta Simonek, beren gordelekutik atera, eraso eta sarraskitu egin zituzten. Jende asko hil zuten, eta bizirik geldituak mendira joan ziren ihesi. Jonatan eta beronen gizonak harrapakinez jabetu ziren.

41. Horrela, eztei-jaia hileta bihurtu zen, eta kantu-soinuak negar-zotin.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 9