Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 8:3-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. zenbat saiatu ziren Espainiako zilar- eta urre-meatzeak berenganatzeko.

4. Beren trebetasun eta kemenari esker jabetuak ziren herrialde hartaz guztiaz, beraienetik oso urruti egon arren. Lurraren azken mugetatik erasotzera etorritako erregeak ere menderatu eta erabat deseginik utziak zituzten; beste batzuek urtero zergak ordaindu behar zizkieten.

5. Filipo eta Pertseo, Mazedoniako erregeak, ere menderatuak zituzten, baita kontra joan zitzaizkien beste guztiak ere.

6. Antioko Handia, Asia Txikiko erregea, erromatarrak borrokatzera joan zen behinola, ehun eta hogei elefante, zalditeria, guda-gurditeria eta gudaroste handi batekin. Erromatarrek, ordea, menderatu egin zuten.

7. Bizirik harrapatu zutelarik, zerga handiak ordaintzera eta presoak ematera behartu zituzten bera eta beraren ondorengoak.

8. India, Media eta Lidia, bere erreinuko eskualderik ederrenak ere, kendu eta Eumene erregeari eman zizkioten.

9. Erromatarrak suntsitzera joatea pentsatu zuten greziarrek.

10. Erromatarrek, ordea, hori jakitean, greziarren kontra gudalburu bakarra bidali, eraso eta greziar asko hil zuten. Haien emazte eta haurrak gatibu eraman zituzten, ondasunak ostu eta herrialdea menpean hartu zuten; gotorlekuak xehatu eta esklabo egin zituzten gaurdaino.

11. Eta noizbait aurre egin izan zieten beste erreinu eta uharteak ere hondatu eta menpeko egin zituzten. Beren adiskideekin, aldiz, eta beraiengan babesten zirenekin adiskide gisa jokatzen zuten.

12. Menperatuak zituzten beren inguruetako nahiz urrutiko erregeak. Erromatarren izena entzuten zutenak ikaratu egiten ziren.

13. Erromatarrek erregetza eskuratzen laguntzen dietenak izan ohi dira errege, eta beraiek nahi dituztenak bota egiten dituzte errege-aulkitik. Agintearen gorenean daude.

14. Hala eta guztiz, erromatar batek ere ez du bere burua errege izendatzen, ezta purpuraz janzten ere aginpidea handitzeko;

15. baizik eta legebiltzarra antolatu dute eta egunero etengabe hirurehun eta hogei legebiltzarkide hizketatzen dira herriko arazoez, dena egoki eratzeko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 8