Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 8:12-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Menperatuak zituzten beren inguruetako nahiz urrutiko erregeak. Erromatarren izena entzuten zutenak ikaratu egiten ziren.

13. Erromatarrek erregetza eskuratzen laguntzen dietenak izan ohi dira errege, eta beraiek nahi dituztenak bota egiten dituzte errege-aulkitik. Agintearen gorenean daude.

14. Hala eta guztiz, erromatar batek ere ez du bere burua errege izendatzen, ezta purpuraz janzten ere aginpidea handitzeko;

15. baizik eta legebiltzarra antolatu dute eta egunero etengabe hirurehun eta hogei legebiltzarkide hizketatzen dira herriko arazoez, dena egoki eratzeko.

16. Urtean gizon bati eman ohi diote, beraiek eta inperio osoa gobernatzeko agindua. Denek egiten dute gizon horren esana, ezin ikusirik eta inbidiarik gabe.

17. Akos-en apaiz-senitartekoa zen Joanen seme Eupolemo eta Eleazarren seme Jason hautatu zituen Judasek Erromara bidaltzeko, erromatarrekin adiskidetasun- eta elkargo-hitzarmena egin zezaten,

18. gainean zuten uztarria astindu nahirik. Izan ere, ikusten zuten greziarren aginteak morrontzapean zanpatua zuela Israel.

19. Hala, bide luzea eginik, Eupolemo eta Jason Erromara heldu ziren. Legebiltzarrean sartu eta hitza hartu zuten:

20. «Judas Makabearrak, beronen anaiek eta judu-herriak bidali gaituzte zuengana, zuekin elkargo- eta bake-hitzarmena egitera, eta zeuen aldekotzat hartu eta adiskideen artean sar gaitzazuen eskatzera».

21. Ongi iruditu zitzaien eskabidea legebiltzarkideei

22. eta, brontzezko oholetan idatzirik, gutuna igorri zuten Jerusalemera, bake- eta elkargo-agiri izan zedin. Hona zer zioen gutunak:

23. «Bihoakie ongi erromatarrei eta judu-herriari betiko, bai itsasoan, bai lehorrean! Urrun bekizkie ezpatak eta etsaiak!

24. Baina erromatarren kontra nahiz berauen edozein adiskideren kontra, Erromaren menpeko edozein tokitan, gerrarik sor baledi,

25. judu-herriak borroka egin beharko du bihotz osoz, momentuko egoeraren arabera.

26. Ez diezaiela garirik, ez armarik, ez dirurik, ez itsasontzirik eman erromatarren etsaiei. Horrela erabaki du Erromak. Bete bezate hitzemandako guztia, ordainetan deus ere hartu gabe.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 8