Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 6:57-63 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

57. Orduan, agudo alde egiteko prestatu zen Lisias eta esan zien errege, gudalburu eta gudarosteari: «Geroz eta ahulagoak gara. Janaria urritzen ari zaigu; setiatzen ari garen gotorlekua oso sendoa da eta, gainera, erresumako arazoez arduratu beharra dugu.

58. Eman diezaiegun eskua gizon horiei eta egin ditzagun bakeak beraiekin eta herri osoarekin.

59. Utz diezaiegun antzinako beren ohituren arabera bizitzen, zeren eta beren usadioak debekatu dizkiegulako haserreturik jokatu baitute horrela».

60. Erregeak eta gudalburuek ontzat eman zuten iritzi hori eta setiatuei bakea eskaintzeko mandatariak bidali zituen erregeak. Setiatuek onartu egin zuten bakea,

61. eta erregeak eta gudalburuek zin egin zieten. Zin horretan fidaturik, atera ziren gotorlekutik

62. eta erregea Sion mendian sartu zen. Baina toki hura zein sendoa zen ikustean, egina zuen zina hautsi eta inguruko harresia botatzeko agindu zuen erregeak.

63. Gero, arrapaladan, Antiokiara itzuli zen. Han, hiriko nagusi Filipo zela aurkitu zuen. Baina eraso eta indarrez jabetu zen hiriaz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 6