Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 6:46-63 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

46. Elefantearen azpira heldu, ezpata sartu eta hil egin zuen. Aberetzarra, ordea, gainera erori zitzaion eta hil egin zen Eleazar.

47. Juduek, berriz, erregearen gudarostearen indar oldartsua ikusirik, atzera egin zuten.

48. Antioko erregearen gudarostea Jerusalemerantz abiatu zen, juduak borrokatzera, eta Judea eta Sion mendiaren kontra joateko prestatu zuen erregeak kanpalekua.

49. Erregeak bakeak egin zituen Bet-Sur hirikoekin eta hauek hiritik irten ahal izan zuten; izan ere, lurrarentzat atseden-urtea zenez, ez zuten janaririk hirian babesturik irauteko.

50. Horrela, erregeak Bet-Sur bereganatu eta gudari-taldea jarri zuen bertan, hiria defendatzeko.

51. Luzaro jardun zuen santutegia inguratzen. Geziak jaurtitzeko dorreak eta gudurako tramankuluak eraiki zituen santutegiari erasotzeko: su- eta harri-jaurtigailuak, azkonak jaurtitzeko uztaiak, baita habailak ere.

52. Inguratuek ere, beren aldetik, tramankuluak eraiki zituzten, etsaienei aurre egiteko. Luzaro iraun zuen guduak.

53. Azkenean, ordea, janaririk gabe gelditu ziren biltegian; izan ere, urte hura zazpigarrena zen; gainera, jentilen menpetik askatu eta Judeara ekarritako israeldarrek janak zituzten azken elikagaiak.

54. Goseak eraginik, bada, gizon banaka batzuk santutegian utzirik, nor bere etxera sakabanatu ziren beste guztiak.

55. Jakin zuen Lisiasek, Filipo —Antioko erregeak, hil aurretik, bere seme Antiokoren heziketaz eta errege izateko prestakuntzaz arduratu zuena—

56. itzulia zela Pertsia eta Mediatik erregearekin joandako gudarostearekin eta gobernuaren zuzendaritza hartu nahian zebilela.

57. Orduan, agudo alde egiteko prestatu zen Lisias eta esan zien errege, gudalburu eta gudarosteari: «Geroz eta ahulagoak gara. Janaria urritzen ari zaigu; setiatzen ari garen gotorlekua oso sendoa da eta, gainera, erresumako arazoez arduratu beharra dugu.

58. Eman diezaiegun eskua gizon horiei eta egin ditzagun bakeak beraiekin eta herri osoarekin.

59. Utz diezaiegun antzinako beren ohituren arabera bizitzen, zeren eta beren usadioak debekatu dizkiegulako haserreturik jokatu baitute horrela».

60. Erregeak eta gudalburuek ontzat eman zuten iritzi hori eta setiatuei bakea eskaintzeko mandatariak bidali zituen erregeak. Setiatuek onartu egin zuten bakea,

61. eta erregeak eta gudalburuek zin egin zieten. Zin horretan fidaturik, atera ziren gotorlekutik

62. eta erregea Sion mendian sartu zen. Baina toki hura zein sendoa zen ikustean, egina zuen zina hautsi eta inguruko harresia botatzeko agindu zuen erregeak.

63. Gero, arrapaladan, Antiokiara itzuli zen. Han, hiriko nagusi Filipo zela aurkitu zuen. Baina eraso eta indarrez jabetu zen hiriaz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 6