Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 6:31-42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. Idumean zehar etorririk, inguratu egin zuten Bet-Sur eta luzaro eraso, guda-tramankuluz baliaturik; baina inguratuek irten eta erre egin zizkieten tramankuluak eta oso oldartsu borrokatu ziren.

32. Orduan, Jerusalemgo gotorlekua inguratzeari utzi eta Bet-Zakariasen ezarri zuen Judasek kanpalekua, Antioko erregearen aurrez aurre.

33. Goizean goiz jaiki eta erregeak Bet-Zakariaserako bidetik abiarazi zuen gudarostea azkar. Prestatu ziren gudari-taldeak gudua hasteko eta jo zituzten turutak.

34. Borrokara eragiteko, mahats- eta masusta-zukua erakutsi zizkieten elefanteei.

35. Aberetzar haiek gudari-taldeen artean banatuak zeuden. Elefante bakoitzaren ondoan mila gizon zeuden lerrotan jarriak, bular-sareak eta brontzezko bular-oskolak jantzirik. Gainera, elefante bakoitzarekin aukerako bostehun zaldun zihoazen,

36. aberetzarra gelditzen zenean geldituz eta aurrera egiten zuenean aurrera eginez. Ez zuten bakarrik uzten.

37. Elefante bakoitzak oholez eginiko dorre sendo bana zeraman bizkarrean babeslekutzat, uhalez lotua; dorre bakoitzean hiru gudari zihoazen borroka egiteko, eta gidaria.

38. Gainerako zalditeria gudarostearen alde bietan zihoan, gudarostearen hegalak babesteko eta etsaia zirikatzeko.

39. Eguzkiak urrezko eta brontzezko babeskiak jo zituenean, distirak argitu egin zituen mendiak, lastargi izekiak bailiran.

40. Erregearen gudarosteko talde bat mendien bizkarrez bizkar zihoan; bestea, berriz, lautadan zehar. Denak ongi lerrokaturik eta sendo zihoazen aurrera.

41. Denak dardaraz gelditzen ziren jendetza haren garrasiak, oin-hotsak eta armek elkar jotzean ateratzen zuten zarata entzutean. Izan ere, gudarostea oso handi eta indartsua zen.

42. Judasek eta beronen gudarosteak aurreratu eta ekin zioten borrokari. Erregearen gudarosteak seiehun gizon galdu zituen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 6