Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 2:22-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Ez ditugu beteko erregearen aginduak, ezta aldatuko ere ezertan geure erlijio-ohiturak.

23. Matatiasek hitz hauek esan zitueneko, judu bat, denen bistan aurreratu zen Modin hirian eraikia zegoen aldare gainean sakrifizioa eskaintzera, erregeak agindu bezala.

24. Hori ikustean, sutu egin zitzaion barrua Matatiasi. Legearekiko maiteminak eraginik, amorru bizian, lasterka joan eta lepoa moztu zion judu hari aldare gainean.

25. Jendea sakrifizioak eskaintzera behartzen zuen funtzionarioa ere hil egin zuen, eta aldarea porrokatu.

26. Legearekiko maiteminetan suturik, antzina Pinhasek Saluren seme Zimriri egina bera egin zuen Matatiasek.

27. Gero, oihu handiz esan zuen hirian barrena: «Legea maite izan eta itunari eutsi nahi diotenak betoz nirekin!»

28. Matatiasek bere semeekin mendira egin zuen ihes, hirian zuen guztia utzirik.

29. Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz,

30. beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.

31. Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera.

32. Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen, eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen.

33. Agindu hau eman zieten juduei:—Aski da! Atera hortik, bete erregearen agindua, eta salbatuko duzue bizia.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 2