Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 16:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Simonen seme Joanek Gazaratik igo eta Kendebeo egiten ari zenaren berri eman zion aitari.

2. Simonek bere bi seme zaharrenei, Judas eta Joani, dei egin eta esan zien: «Nik eta nire anaiek eta gure aitaren senitartekoek gaztetandik eta gaurdaino borrokatu izan ditugu Israelen etsaiak. Eta Jainkoak maiz eman digu Israel gure eskuz salbatzea.

3. Orain zahartua nago; zuek, aldiz, Jainkoaren errukiaz, adinik onenean zaudete. Hartzazue, beraz, nire eta nire anaien tokia. Zoazte gure herriaren alde borrokatzera, eta lagun diezazuela Jainkoak!»

4. Herrialdean oinezko zein zaldizko hogei mila gudari aukeraturik, Kendebeoren kontra abiatu zen Joan. Modin hirian igaro zuten gaua.

5. Biharamun goizean, goiz jaikirik, lautadarantz jo zuten. Eta horra, oinezko eta zaldizko gudari-talde handia zetorkien gainera. Erreka besterik ez zuten tartean.

6. Joan, bere gudariekin, etsaiaren aurrez aurre jarri zen. Eta bere gizonak erreka igarotzeko beldur zirela oharturik, Joanek berak igaro zuen lehena. Hori ikustean, gizonek ere igaro zuten haren atzetik.

7. Joanek banandu egin zuen bere gudarostea, zalditeria oinezko gudarien artean sartuz, oso ugaria baitzen etsaien zalditeria.

8. Jo zituzten turutak eta garaitu egin zuten Kendebeo, bere gudaroste eta guzti. Asko erori ziren hilzorian, eta bizirik geldituek ihes egin zuten gotorlekurantz.

9. Gudukatze hartan zauritu egin zuten Joanen anaia Judas. Joanek, ordea, pertsegitu egin zituen Kendebeok berreraikia zuen Zedron hiriraino.

10. Iheslariak Azotoko zelaietan zeuden dorreetara joan ziren. Joanek su eman eta etsaietako bi mila gizon galdu ziren. Orduan, Joan onik itzuli zen Judeara.

11. Abuboren seme Ptolomeo Jerikoko lautadako buruzagi izendatua zuten. Zilar eta urre asko zuen,

12. apaiz nagusiaren suhia baitzen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 16