Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

SIMONEN EGINTZAK (13,1—16,24)

Simon, juduen buruzagi

1. Jakin zuen Simonek gudaroste handia bildua zuela Trifonek Judeako herrialdea hondatzera etortzeko.

2. Eta, judu-herria beldurrez dar-dar eta izutua zegoela ikusirik, Jerusalemera joan, jendea bildu

3. eta adoretu zuen, esanez: «Badakizue zenbat egin dugun nire anaiek, gure senitarteak eta neuk ere legearen eta santutegiaren alde. Badakizue zenbat gerra eta atsekabe ikusi behar izan dugun.

4. Horregatik hil dira nire anaia guztiak, Israelengatik. Neu bakarrik gelditzen naiz.

5. Larrialdi honetan ez nuke neure bizia salbatzeaz arduratu nahi, ez bainaiz neure anaiak baino hobea.

6. Alderantziz, mendekatu egingo ditut geure herria, santutegia eta zuen emazte eta seme-alabak. Izan ere, jentil-herri guztiek, gureganako gorrotoz, bat egin dute gu suntsitzeko».

7. Hitzaldi hau entzutean, herriaren espiritua suspertu egin zen

8. eta denek ahots handiz esan zioten Simoni: «Izan zaitez zu gure buruzagi, zure anaia Judas eta Jonatanen ordez.

9. Gida gaitzazu eta beteko dugu zure esana».

10. Orduan, Simonek gudari guztiak bildu zituen, Jerusalemgo harresiak bukatzeko lehiatu zen eta inguru guztian gotortu zuen.

11. Gero, Absalomen seme Jonatan Jopera bidali zuen gudari-talde handi batekin. Jonatanek bota egin zituen hiri hartako bizilagunak eta bertan gelditu zen bera.

Simonek Trifon uxatu

12. Gudaroste handi batekin abiatu zen Ptolemaidatik Trifon Judea herrialdean sartzeko asmoz. Jonatan zeraman berekin preso.

13. Simonek Adida hirian ezarri zuen kanpalekua, Xefela lautadaren aurrez aurre.

14. Beraren anaia Jonatanen ordez Simon zela buruzagi eta borrokari ekiteko prest zegoela aditzean, Trifonek mezulariak bidali zizkion, esatera:

15. «Karguan egon zen bitartean erregearen ondasunen kontura egin zituen zorrengatik daukagu bahitua zuen anaia Jonatan.

16. Bidal iezazkiguzu, beraz, bi mila eta zazpiehun kilo zilar eta Jonatanen bi seme bahituran, eta askatuko dugu. Ez dugu nahi, behin askatuz gero, gure kontra jar dadin».

17. Gezurretan ari zitzaizkiola igarri zien arren, bere herritarrak kontra jar ez zekizkion, dirua eta haurrak ekartzeko agindu zuen Simonek;

18. jendeak esan baitzezakeen: «Dirua eta haurrak bidali ez dituelako hil dute etsaiek Jonatan».

19. Bidali zituen, beraz, Simonek haurrak eta bi mila eta zazpiehun kilo zilar. Baina Trifonek ez zuen bete bere hitza eta ez zien askatu Jonatan.

20. Gero, gainera, lurralde hura hartu eta hondatzeko asmotan abiatu zen Trifon. Adorarako bidean zehar bira egin zuen; baina zihoan bide guztietara ateratzen zitzaion Simon, aurre egitera.

21. Bitartean, Jerusalemgo gotorlekukoek mezulariak bidali zizkioten Trifoni, basamortuan zehar, albait lehen beraiengana joateko eta janaria eramateko eskatuz.

22. Trifonek bere zalditeria osoa abiatzeko prestatu zuen; baina gau hartan izugarrizko elurtea bota zuen eta ezin izan zen joan. Orduan, Galaadera jo zuen.

23. Baskama hirira hurbiltzean, hil egin zuen Jonatan, eta bertan ehortzi zuten.

24. Gero, bere herrira itzuli zen Trifon.

Jonatan Modin hirian ehortzia

25. Simonek bere anaia Jonatanen gorpua ekarrarazi eta Modinen, beren gurasoen hirian, ehortzi zuen.

26. Dolu handia egin zion Israel osoak eta negar handiak egun askotan.

27. Simonek bere aita eta anaien hilobi gainean eraikuntza handi bat eginarazi zuen, urrutitik ikusteko erakoa, aurretik eta atzetik harlanduz egina.

28. Zazpi piramide ere eraiki zituen, bata bestearen ondoan, bere aita, ama eta lau anaien omenez.

29. Gero, apaindu egin zituen, inguruan zutabe garaiak eraikiz. Zutabeetan arma-sortak zizelkarazi zituen, betiereko oroigarri, eta haien ondoan itsasontziak, itsasoz zihoazenek ikus ahal izan zitzaten.

30. Halakoxe hilobia eginarazi zuen Simonek Modinen, eta han dago gaurdaino.

Simonek hitzarmena egin Demetrio II.arekin

31. Trifonek, Antioko errege gaztearen kontra azpikeriaz jokatuz, hil egin zuen.

32. Haren errege-aulkian eseri eta Asiako koroa hartu zuen, eta izugarrizko kaltea egin zion herriari.

33. Bitartean, Judeako gotorlekuak berreraiki zituen Simonek, dorre garaiz eta harresi handiz inguratu, ateak eta morroiloak ipini eta janaria bildu zuen beraietan.

34. Ondoren, gizon batzuk hautatu eta Demetrio erregeagana bidali zituen, juduen herrialdeari zergak ordaindu beharra barkatzeko eskatzera, Trifonek ostu besterik ez baitzien egin.

35. Demetrio erregeak, eskari horri erantzunez, honako gutun hau idatzi zion:

36. «Demetrio erregeak Simon apaiz nagusi eta erregearen adiskideari, arduradunei eta judu-herri osoari, agur!

37. Hartu ditugu bidali dizkiguzuen urrezko koroa eta palmadarra. Prest gaude zuekin erabateko bakeak egiteko, zergak ordaindu beharra ken diezazueten aginduz funtzionarioei idazteko ere bai.

38. Bego sendo zuen alde erabaki dugun guztia. Eta eraiki dituzuen gotorlekuak izan bitez zuenak.

39. Barkatzen dizkizuegu orain arte eginiko huts eta hobenak. Aurrerantzean ez dizuegu eskatuko zor diguzuen koroa, ezta Jerusalemek ordaindu behar lukeen beste zergarik ere.

40. Zuen artekoren batzuk gure gudari-taldean sartzeko gai badira, eman bezate izena eta izan bedi bakea gure artean».

41. Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita hamargarren urtean askatu zen Israel atzerritarren uztarpetik.

42. Handik aurrera, herriak honako data hau idatzi ohi zuen agiri eta hitzarmenetan: «Simon, apaiz nagusi handi, gudalburu eta juduen buruzagiaren lehen urtean».

Simonek Gazara hiria hartu

43. Egun haietan, Gazara hiria inguratu eta setiatu egin zuen Simonek bere gudarostearekin. Zurezko dorre higikorra egin eta, hirira hurbildurik, harresietako dorre bat eraitsi eta hartu egin zuen.

44. Dorre higikorreko gudariak salto egin eta hirian sartu ziren. Hango gizonak, erabat izutuak,

45. harresi gainera igo ziren beren emazte eta seme-alabekin, jantziak urraturik. Eta bakeak egiteko eskatu zioten oihuka Simoni.

46. Hau zioten: «Ez gaitzazu hartu gure gaiztakeriak merezi duenaren arabera, zeure errukiaren arabera baizik».

47. Simonek bakeak egin zituen haiekin eta ez zien gehiago eraso. Baina bota egin zituen hiritik eta garbiarazi idolorik zeukaten etxeak. Orduan sartu zen bera hirian, gorazarre eta gorespen-kantu artean.

48. Gauza kutsatu guztiak bota eta legea betetzen zuen jendea sarrarazi zuen hirian. Gero, hiria gotortu eta etxea eraiki zuen beretzat.

Simon Jerusalemgo gotorlekuaz jabetu

49. Etsaiak Jerusalemgo gotorlekuan zeuden kanpora atera ezinik, ez saltzera, ez erostera. Gose handia jasaten ari ziren eta jadanik jende asko goseak hila zen.

50. Haiek ere bakeak egiteko eskatu zioten Simoni, eta honek bakeak egin zituen. Gudariak handik bota eta bertako gauza kutsatuak kenduz, garbitu egin zuen gotorlekua.

51. Ehun eta hirurogeita hamaikagarren urteko bigarren hilaren hogeita hiruan egin zuten han sarrera gorespen-oihu artean, palmadarrez, harpa-, txilin- eta lira-soinuz lagundurik. Gorazarreak eta abestiak kantatuz zihoazen, etsai beldurgarri hura Israeldik bota ahal izan zutelako.

52. Egun hura urtero alaiki ospatzeko agindu zuen Simonek. Gero, gotorlekuaren ondoan dagoen santutegiko mendia gotortu zuen. Eta bertan bizi izan zen bere etxekoekin.

53. Eta bere seme Joan gizondua zela ikusirik, gudaroste osoaren buru egin zuen. Gazara hirian bizi izan zen Joan.