Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 11:7-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Biharamunean, Eleutero izeneko ibairaino lagundu zion Jonatanek Ptolomeori; gero, Jerusalemera itzuli zen.

8. Ptolomeo erregea itsasaldeko Seleuzia bitartean zeuden itsas herriez jabetu zen. Bitartean, asmo gaiztoak egosten ari zen Alexandroren kontra.

9. Mezulariak bidali zizkion Demetrio erregeari, esatera: «Egin dezagun hitzarmena bion artean. Orain Alexandrok emazte duen neure alaba emango dizut eta zeure aitaren erreinuan errege izango zara.

10. Damu dut alaba berari eman izana, ni hil nahian ibili baita».

11. Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori.

12. Kendu zion, bada, alaba Alexandrori eta Demetriori eman; horrela, Alexandrogandik banandu egin zen eta agerian jarri zen bien arteko etsaigoa.

13. Antiokian sartu eta Asiako erregegoa hartu zuen eta bi erreinuetako koroaz jabetu: Egiptokoaz eta Asiakoaz.

14. Alexandro erregea, aldi hartan, Zilizian zen, eskualde hartako bizilagunak asaldatu egin baitzitzaizkion.

15. Ptolomeok egin zuenaren berri jakitean, beraren kontra borrokatzera etorri zen; baina Ptolomeok, gudaroste handi batekin aurre egin eta menderatu egin zuen.

16. Alexandro Arabiara joan zen ihesi, babes bila, eta Ptolomeo garaile gertatu zen.

17. Zabdiel zeritzan arabiar batek Alexandrori lepoa moztu zion eta burua Ptolomeori bidali.

18. Bi egunen buruan, ordea, Ptolomeo ere hil egin zen. Orduan, gotorlekuetako jendeak hil egin zituen Ptolomeok jarritako gudari-taldeak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 11