Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 11:30-48 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

30. «Demetrio erregeak bere anaia Jonatani eta judu-herri osoari, agur!

31. Gure senide Lastenesi zuei buruz idatzi diogun gutunaren kopia bidaltzen dizuegu, jakin dezazuen:

32. “Demetrio erregeak Lastenes bere kontseilariari, agur!

33. Gureganako duen jarrera onarengatik judu-herriari mesede egitea erabaki dugu, adiskide baitugu eta zuzen jokatzen baitu gurekin.

34. Judea lurralde osoaren eta Aferema, Lida eta Ramataim eskualdeen jabe direla baieztatzen dugu. Samariari kenduak eta Judeari erantsiak dira eskualde horiek, beren inguruekin. Jerusalemen sakrifizioak eskaintzen dituztenen mesedetan egin zen hori, erregeak haiei urtero kendu ohi zizkien lurraren nahiz fruta-arbolen emaitzei buruzko zergen ordainetan.

35. Bestalde, hemendik aurrera barkatu egiten dizkiegu guri dagozkigun beste hartzekoak: hamarrenak, zergak eta gatzagei eta koroari dagozkienak. Barkatu egiten diegu hau guztia.

36. Aurrerantzean ez beza inork indargabe utzi erabaki hauetako bat ere inoiz.

37. Saia zaitez, beraz, erabaki hauen kopia egin eta Jonatani ematen, mendi santuan denek ikusteko eran ezartzeko” ».

38. Bere agintepean herrialdea bakean zegoela eta inork ere kontra egiten ez ziola ikusirik, Demetrio erregeak nor bere etxera bidali zituen gudariak, greziarren uharteetan bilduak zituen gudari arrotzak izan ezik. Hori zela eta, aurreko erregeenak izaniko gudari-taldeak aurka jarri zitzaizkion.

39. Orduan, Trifonek, lehen Alexandroren aldeko izanak, gudariak Demetrioren aurka marmarrean ari zirela ikusirik, Imalkue arabiarragana jo zuen, hura ari baitzen Alexandroren seme Antioko hazten.

40. Mutikoa emateko eskatu zion, aitaren errege-aulkian ezartzeko. Demetrioren egintzen berri eman zion eta gudariek hari nolako gorrotoa zioten adierazi. Egun askotan egon zen han Trifon.

41. Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori, gudari-talde haiek beti gatazkan ari baitziren Israelen kontra.

42. Demetriok erantzun zion Jonatani: «Egingo dut hori zuregatik eta zure herriarengatik; gainera, ohorez beteko zaituztet zu eta zure herria, aukera izan bezain laster.

43. Baina orain, mesedez, bidal iezazkidazu gizonak nire alde borrokatzera, neure gudari-talde guztiek alde egin baitidate».

44. Jonatanek hiru mila gudari ausart bidali zizkion Antiokiara; haiek heltzean, poz handia hartu zuen erregeak.

45. Hiriko jendea, ehun eta hogeiren bat mila lagun, kalera atera zen asaldaturik, erregea hiltzeko asmoz.

46. Erregea jauregian gerizatu zen eta hiriko jendeak kaleak hartu zituen, gatazka hasiz.

47. Orduan, erregeak juduei dei egin zien, lagun ziezaioten. Juduak, lehenbizi, erregearen inguruan bildu ziren eta, gero, hirian barrena zabaldu. Egun hartan ehun mila lagun inguru hil zituzten,

48. hiriari su eman, harrapakin ugari hartu eta erregea salbatu zuten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 11