Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 11:1-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Egiptoko errege Ptolomeok itsasertzeko hondarra bezain ugari zen gudarostea bildu zuen, baita ontziteria ere. Alexandroren erreinuaz azpikeriaz jabetu eta bereari gehitzeko asmoa zuen.

2. Abiatu zen, bada, Siriarantz bake-itxuran. Hirietako jendea, ateak ireki eta bidera ateratzen zitzaion ongietorria egitera, halaxe egiteko agindu baitzien Alexandro erregeak, Ptolomeo aitaginarreba zuenez.

3. Honek, ordea, hiri batean sartu bezain agudo, gudari-taldea uzten zuen bera zaintzen.

4. Azotora hurbildu zenean, Dagonen jauretxea erakutsi zioten, suak errea, hiria bera eta inguruak hondatuak, gorpuak han-hemenka barreiatuak, baita borrokan kiskalirik hil zirenen gorpuak ere, erregeak igaro behar zuen tokian metatuak.

5. Jonatanek egin zuena ere kontatu zioten, Ptolomeok gaitzetsiko zuelakoan; baina erregea isildu egin zen.

6. Jonatan, ospe handiz inguratua, Jopera joan zitzaion bila. Agurtu zuten elkar eta bertan eman zuten gaua.

7. Biharamunean, Eleutero izeneko ibairaino lagundu zion Jonatanek Ptolomeori; gero, Jerusalemera itzuli zen.

8. Ptolomeo erregea itsasaldeko Seleuzia bitartean zeuden itsas herriez jabetu zen. Bitartean, asmo gaiztoak egosten ari zen Alexandroren kontra.

9. Mezulariak bidali zizkion Demetrio erregeari, esatera: «Egin dezagun hitzarmena bion artean. Orain Alexandrok emazte duen neure alaba emango dizut eta zeure aitaren erreinuan errege izango zara.

10. Damu dut alaba berari eman izana, ni hil nahian ibili baita».

11. Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori.

12. Kendu zion, bada, alaba Alexandrori eta Demetriori eman; horrela, Alexandrogandik banandu egin zen eta agerian jarri zen bien arteko etsaigoa.

13. Antiokian sartu eta Asiako erregegoa hartu zuen eta bi erreinuetako koroaz jabetu: Egiptokoaz eta Asiakoaz.

14. Alexandro erregea, aldi hartan, Zilizian zen, eskualde hartako bizilagunak asaldatu egin baitzitzaizkion.

15. Ptolomeok egin zuenaren berri jakitean, beraren kontra borrokatzera etorri zen; baina Ptolomeok, gudaroste handi batekin aurre egin eta menderatu egin zuen.

16. Alexandro Arabiara joan zen ihesi, babes bila, eta Ptolomeo garaile gertatu zen.

17. Zabdiel zeritzan arabiar batek Alexandrori lepoa moztu zion eta burua Ptolomeori bidali.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 11