Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 10:58-77 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

58. Alexandro bidera atera zitzaion Ptolomeori eta honek bere alaba Kleopatra eman zion. Ezteiak Ptolemaidan izan ziren, erregeei dagokien bezalako ospe handiz.

59. Alexandro erregeak Jonatani idatzi zion, etortzeko eskatuz.

60. Ospe handiz inguratua joan zen Jonatan Ptolemaidara eta bi erregeekin egon zen. Haiei eta beraien adiskideei zilarra, urrea eta esku-erakutsi ugari eman zizkien. Horrela, haien begiko egin zen.

61. Orduan, lege-hausle batzuk, Israelgo satsa zirenak, elkar hartu eta erregeagana joan ziren, Jonatanen aurka salakuntzak egitera. Baina erregeak ez zien kasurik ere egin,

62. baizik eta Jonatani bere soinekoak erantzi eta purpuraz janzteko agindu zuen. Eta halaxe egin zuten.

63. Ondoren, bere alboan eserarazi eta agindu hau eman zien bere ofizialei: «Zoazte Jonatanekin hirira eta hots egin, ez dezala bera inork ere ezerengatik sala, ezta gogaitu ere».

64. Erregearen aginduz Jonatan nola ohoratzen zuten eta purpuraz jantzia nola zebilen ikusirik, salatzaile guztiek ihes egin zuten.

65. Bere adiskiderik handienetako eginez eta gudalburu eta gobernari izendatuz ohoratu zuen erregeak Jonatan.

66. Orduan, Jonatan Jerusalemera itzuli zen bakean eta pozik.

67. Ehun eta hirurogeita bosgarren urtean Demetrio I.aren semea, Demetrio II.a, Kretatik bere arbasoen herrira etorri zen.

68. Hori jakitean, Alexandro erregea, oso nahigabeturik, Antiokiara itzuli zen.

69. Demetriok, berriz, Apolonio ezarri zuen Koele-Siria eskualdeko gobernari. Honek, gudaroste handia bildu ondoren, kanpalekua Jamnian ezarri eta mezu hau igorri zion Jonatan apaiz nagusiari:

70. «Zu zara guri kontra egiten digun bakarra. Zure erruz barre eta burla egiten didate. Zergatik agertzen zara hain indartsu mendietan gure aurka?

71. Zeure gudarosteagan halako konfiantza baldin baduzu, jaitsi lautadara guri kontra egitera eta han neurtuko ditugu indarrak. Hirietako gudariak neure alde ditut.

72. Galdetu eta jakingo duzu nor naizen eta nor ditudan lagun. Guri ezin izango diguzuela eutsi diote lagun horiek; zuen arbasoak ere beren herrialdean bertan bi aldiz menderatuak izan baitziren.

73. Zuk ere ezin izango diozu eutsi halako zalditeria eta gudaroste handiari lautadan, ez haitzik, ez babeslekurik ez dagoen tokian».

74. Apolonioren hitzak entzutean, larritu egin zitzaion barrua Jonatani. Hamar mila gizon aukeratu eta abiatu egin zen Jerusalemdik; anaia Simon ere laguntzera joan zitzaion.

75. Jope hiriaren aurrean ezarri zuten kanpalekua. Hiri barruko bizilagunek, ordea, itxi egin zizkieten ateak, Apolonioren gudari-talde bat baitzegoen bertan. Baina juduek erasotzean,

76. hiriko jendeak, beldurraren beldurrez, ireki egin zizkien ateak eta Jonatan jabetu egin zen Jope hiriaz.

77. Horren berri izatean, hiru mila zaldizko eta gudaroste handiarekin Azoto hiriko bidea hartu zuen Apoloniok, handik igarotzeko itxurak eginez. Baina, aldi berean, lautadarantz jo zuen, konfiantza handia baitzuen bere zalditeria handiarengan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 10