Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 10:37-56 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Haietarik batzuk erregearen gotorleku garrantzitsuenetan ipiniko dituzte eta beste batzuk erreinuan diren konfiantzazko postuetan. Ofizialak eta gudalburuak juduen artetik hautatuak izanen dira eta beren legeen arabera jokatuko dute, erregeak Judea herrialderako agindua duenez.

38. Judeari atxiki zaizkion Samaria probintziako hiru eskualdeak geldi bitez Judeari atxikiak eta har bitza Judeak beretzat. Nagusi bakarra izanen dute; ez bezate apaiz nagusia beste agintaririk onar.

39. «Ptolemaida hiria eta beronen lurraldea Jerusalemgo santutegiari dohaintzat damazkiot, bertako kultu-gastuak ordaintzeko.

40. Neure aldetik, zilarrezko hamabost mila txanpon emango ditut urtero; erregearen zerga-dirutik hartuko dira, egoki zaizuen hirietan.

41. Nire zerbitzariek aurreko urteetan ordaindu gabe utzitako diru-laguntzak, hemendik aurrera, tenpluko lanetarako emango dituzte, lehen egin ohi zen bezala.

42. Gainera, santutegiak dituen diru-sarreretatik urtero kentzen diren zilarrezko bost mila txanponak bertan diharduten apaizentzat uzten ditut.

43. Erregeari zergak zor dizkiolako nahiz beste edozein arazo duelako, Jerusalemgo tenpluan edota beronen barrutian norbait babesten bada, libre izango dira bai bera, bai nire erreinuan dituen ondasun guztiak.

44. Santutegia eraikitzeko nahiz konpontzeko gastuak erregearen kontura izango dira.

45. Jerusalem inguruko harresi eta gotorlekuen eraikitze-gastuak erregearen kontura izango dira, baita Judeako beste hirietako harresiak eraikitzearenak ere».

46. Eskaintza honen berri izatean, Jonatanek eta herriak ez zuten sinetsi nahi izan, ezta aintzakotzat hartu ere, oroitzen baitziren Demetriok Israeli egindako kalte izugarriez eta nolako atsekabeak ekarri zizkien.

47. Beraz, Alexandroren aldera jo zuten, bake-eskaintza egiten lehena izan baitzen. Eta harekin elkartu ziren betiko.

48. Alexandro erregea, gudaroste handia bildurik, Demetriori kontra egiteko prestatu zen.

49. Bi erregeek guduari ekin ziotelarik, Demetrioren gudarostea ihesi joan zen. Baina Alexandrok atzetik joan eta menderatu egin zuen.

50. Ilunabarra arte borrokari gogor eutsi zion arren, egun hartan erori egin zen Demetrio.

51. Alexandrok mezulariak bidali zizkion Egiptoko errege Ptolomeori mezu honekin:

52. «Neure erreinura itzulirik, neure aurrekoen errege-aulkian eseri eta agintea hartu dut, Demetrio menderatu eta herrialdeaz jabetu ondoren.

53. Izan ere, gerra egin nion Demetriori eta, bera eta gudarostea garaitu ondoren, beraren errege-aulkian eseri naiz.

54. Izan gaitezen biok elkarren adiskide. Emadazu alaba emaztetzat; zure suhi izango naiz eta dagozkizun bezalako esku-erakutsiak egingo dizkizuet bai zuri, bai alabari».

55. Ptolomeo erregeak erantzun zion: «Zorionekoa, zeure aurrekoen erreinura itzuli eta beraien errege-aulkian eseri zareneko eguna!

56. Horra, egingo dizut idatziz eskatu didazuna. Baina zatozkit Ptolemaidara, elkar ikus dezagun eta zeure aitaginarreba izango nauzu, zeuk eskatu bezala».

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 10