Itun Zaharra

Itun Berria

1 Makabearrak 10:12-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Bakidesek eraikitako gotorlekuetan zeuden atzerritarrek ihes egin zuten,

13. beren gudari-postuak utzirik, eta nor bere herrialdera joan zen.

14. Hala ere, gelditu ziren Bet-Surren Jainkoaren legea eta aginduak gutxiesten zituzten batzuk, hiri hura babes-hiri zelako.

15. Jakin zuen Alexandro erregeak nolako eskaintza egina zion Demetriok Jonatani, baita nolako egintza handiak egin eta nolako nekeak jasan izan zituzten Jonatanek eta anaiek ere.

16. Eta esan zuen Alexandro erregeak: «Aurki ote dezakegu horrelako beste gizonik? Egin dezagun geure adiskide eta gudalagun».

17. Eta honako gutun hau idatzi zion:

18. «Alexandro erregeak bere anaia Jonatani, agur!

19. Jakin dugu gizon ausarta zarela eta merezi duzula gure adiskide izatea.

20. Beraz, gaurtik aurrera zeure herriko apaiz nagusi eta erregearen adiskide izendatzen zaitugu. Zu, berriz, jar zaitez gure alde eta izan gure adiskide». Gutunarekin batera, purpurazko soingainekoa eta urrezko koroa igorri zizkion.

21. Ehun eta hirurogeigarren urteko zazpigarren hilean, Etxola Jaian, hartu zituen Jonatanek soinean apaiz-jantziak. Gero, gudari-taldea bildu zuen eta arma ugari prestatu.

22. Hori jakitean, atsekabeturik, esan zuen Demetriok:

23. «Zer egin ote dugu, Alexandrok guri aurrea hartu eta juduen adiskidetasuna eta laguntza berak lortzeko?

24. Neuk ere idatzi beharko diet, lausengatuz eta goi-mailako karguak eta emaitzak eskainiz, beren laguntasuna eman diezadaten».

25. Eta hau idatzi zien: «Demetrio erregeak judu-herriari, agur!

26. Pozez jakin dugu gorde duzuela gurekin egin zenuten hitzarmena eta gure adiskide izaten iraun duzuela, gure etsaien aldera aldatu gabe.

27. Jarrai ezazue gurekin leial izaten, eta on eginez sarituko dizuegu gure alde egina.

28. Zerga asko kenduko dizuegu eta mesede ugari egingo.

29. Oraindanik, zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet: bai gatzaren, bai koroaren zerga kentzen dizuet judu guztioi.

30. Gainera, gaurtik aurrera, uko egiten diot, betiko, zegozkidan uztaren herena eta zuhaitzetako fruituen erdia hartzeari. Eta hori, Judean ez ezik, beroni atxiki zaizkion Samaria eta Galileako hiru eskualdeetan ere bai.

Irakurri kapitulu osoa 1 Makabearrak 10