Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 22:2-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Ondoren, Davidek Israel lurraldean bizi ziren atzerritarrak biltzeko agindu eta hargintzan lan eragin zien, Jaunaren etxea eraikitzeko harriak lantzen.

3. Burdina ugari prestarazi zuen, ate-orrietako iltze eta kakoak egiteko; baita ezin pisatu ahalako brontze-multzoa ere

4. eta zedro-zura neurri gabe, sidondarrek eta tiroarrek Davidi ugari ekarria.

5. Davidek hau zioen bere baitan: «Nire seme Salomon oraindik gaztea da, ikasigabea, eta Jaunarentzat eraiki behar den tenpluak bikaina izan behar du, herri guztietan entzutea eta ospea izateko adinakoa. Beraz, dena prest utzi behar diot». Horregatik, Davidek, hil aurretik, prestakuntza handiak egin zituen.

6. Orduan, bere seme Salomoni dei egin eta Jaunari, Israelen Jainkoari, tenplua eraiki ziezaiola agindu zion Davidek.

7. Esan zion: «Ene seme, Jaunari, nire Jainkoari, tenplua eraikitzeko asmoa nuen nik.

8. Jaunak, ordea, hitz egin zidan esanez: “Odol asko isuri duzunez, ez didazu zuk eraikiko tenplua.

9. Baina baketsu izanen den semea jaioko zaizu. Izena ere Salomon izango du, hau da, ‘Baketsu’. Bera bizi bitartean bakea eta lasaitasuna emango dizkiot Israeli.

10. Horrek eraikiko dit tenplua; seme izango dut nik hura, eta aita izango nau hark ni. Eta haren erregetza betiko sendotuko dut Israelen”.

11. «Ene seme, izan bedi Jauna zurekin, Jaunaren, zeure Jainkoaren, etxea eraikitzea ongi burutu dezazun, berak zuri buruz hitzeman bezala.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 22