Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 19:4-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta bizarra moztu zien, baita jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Gero, bidali egin zituen

5. eta haiek alde egin zuten. Davidek, gertatuaren berri eman ziotenean, beraien bila bidali zituen batzuk, gizon haiek oso lotsatuak baitzeuden. Erregeak esan zien: «Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete».

6. Davidentzat gorrotagarri egin zirela ohartu zirenean, Hanun erregeak eta amondarrek ia hogeita hamabost tona zilar eralgi zituzten Ipar Mesopotamia, Maaka eta Tzobako siriarrei guda-gurdiak eta zaldizkoak alokatzeko.

7. Maakan hogeita hamabi mila guda-gurdi eskuratu zituzten, baita bertako erregea ere bere gudaroste eta guzti. Honek etorri eta Medaba hiriaren aurrean ezarri zuen kanpalekua; amondarrak, berriz, beren hirietatik etorriz, elkarrekin bildu ziren gudurako.

8. Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin.

9. Amondarrak, beraz, borrokarako lerrotan jarri ziren hiri-sarreran. Laguntzera etorritako erregeak, berriz, beste toki batean zeuden landan.

10. Joabek, borroka bai aurretik, bai atzetik zuela ikusirik, Israelgo hoberenak aukeratu eta aramearren aurrez aurre ipini zituen lerrotan.

11. Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen, eta honek amondarren aurrean ipini zituen guda-lerrotan.

12. Joabek esan zion anaiari: «Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera.

13. Eutsi sendo! Gogor egin behar diegu geure herriaren eta geure Jainkoaren hirien alde. Egin beza Jaunak ongi deritzona!»

14. Hasi zuten, bada, Joabek eta berekin zuen gudarosteak aramearren kontrako borroka. Baina aramearrak ihesi joan ziren.

15. Aramearrak ihesi zihoazela ikusirik, amondarrek ere ihesari eman zioten Joaben anaia Abixairen aurrean, eta hirira sartu ziren. Orduan, Joab Jerusalemera itzuli zen.

16. Israeldarrek menderatu zituztela ikustean, aramearrek mandatariak bidali zizkieten Eufrates ibaiaz haraindiko beste aramearrei, laguntzera etor zekizkien. Hadadezerren gudalburu zen Xofak zuten buruzagi.

17. Davidek, hori jakinarazi ziotenean, Israelgo gudaroste osoa bildurik, Jordan igaro eta guda-lerrotan ipini zituen gudariak, aramearrei aurre egiteko. David aramearrei aurre egiteko prest zegoenean, ekin zioten aramearrek borrokari,

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 19