Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 9:11-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Tiroko errege Hiramek eskuratu zion Salomoni nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur eta urre. Salomonek, ordainetan, Galilea aldeko hogei herrixka eman zizkion Hirami.

12. Atera zen, bada, Tirotik Hiram Salomonek eman zizkion herrixkak ikusteko; baina ez zituen atsegin izan.

13. Orduan, honela esan zuen: «Hauek herrixkak eman dizkidazunak, ene anaia!» Eta «Kabul» deitu zion lurralde hari. Hala deritza gaurdaino.

14. Hiramek emanak zizkion Salomoni lau tona inguru urre.

15. Jaunaren etxea, bere jauregia, Milo-ko lubeta, Jerusalemgo harresia, Hatzor, Megido eta Gezer egiteko, lan behartuak antolatu zituen Salomon erregeak.

16. Izan ere, Egiptoko errege faraoiak eraso eta hartu egin zuen Gezer hiria, su eman eta hirian bizi ziren kanaandarrak hil egin zituen; gero, bere alabari, Salomonen emazteari, eman zion ezkonsari.

17. Horregatik, Salomonek berreraiki egin zuen Gezer; baita Bet-Horon azpikoa,

18. Baalat eta Tamar ere, Judako basamortukoa.

19. Era berean, janari-biltegi izateko herrixkak berreraiki zituen Salomonek, baita guda-gurdiak eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.

20. Israeldar ez ziren amortar, hitita, periztar, hibiar eta jebustar jende haietatik bizirik gelditu zirenak,

21. hau da, israeldarrek xehatu ezinik lurraldean gelditu ziren haien ondorengoak, lan behartuetarako bildu zituen Salomonek, gaurdaino.

22. Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor ere esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial, gudalburu, ezkutari eta bere gurditeria eta zalditeriaren arduradun egin zituen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 9