Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8:41-56 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

41. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat

42. —izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri— tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

43. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, lurreko herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

44. «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira, zuri, Jaun horri, otoitz egiten badizu,

45. entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.

46. «Zure kontra bekatu egitean —ez baita inor bekatu egiten ez duenik—, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte.

47. Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!”

48. Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute,

49. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide.

50. Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menderatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz.

51. Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.

52. «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean.

53. Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».

54. Jaunari, aldare aurrean belauniko, otoitz eta eskari hauek zuzendu ondoren, Salomonek, jaiki eta eskuak zerurantz luzatuz,

55. israeldarren biltzar osoa bedeinkatu zuen, ahots handian esanez:

56. «Bedeinkatua Jauna, hitzeman bezala bere herri Israeli atsedena eman diolako! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisesen bitartez emaniko hitz on bat ere.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 8