Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 5:8-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Zamari eta zaldientzat behar zen garagarra eta lastoa ere eraman ohi zuten, behar zen tokira.

9. Jainkoak jakinduria eta zuhurtzia handia eman zizkion Salomoni, baita itsasertzeko hondartza bezainbateko jakite zabala ere.

10. Salomonen jakinduria ekialdekoena eta egiptoarrena baino handiagoa izan zen,

11. gizonetan jakintsuena izan baitzen: Etam ezratarra, Mahol-en seme Heman, Kalkol eta Darda baino jakintsuago. Salomonen izena inguruetako lurralde guztietan zabaldu zen.

12. Hiru mila esaera atera zituen, eta mila eta bost kantika.

13. Zuhaitzei buruz ere mintzatu zen, nola Libanoko zedroez hala horma-harrietan ernetzen den itze belarraz; orobat, abere, hegazti, narrasti eta arrainei buruz ere.

14. Salomonen jakinduriaren berri izan zuten herrialde eta erresuma guztietatik etorri ohi ziren Salomonen mintzaldi jakintsuak entzutera.

15. Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen.

16. Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami:

17. «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte.

18. Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk.

19. Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut, hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: “Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea”.

20. Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».

21. Salomonen eskari hau hartzean, Hiram biziki poztu zen eta esan zuen: «Bedeinkatua Jauna, Davidi halako seme jakintsua eman diolako, herri ugari hori goberna dezan».

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 5