Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 5:15-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Tiroko errege Hiram-ek, aitaren ondorengo errege Salomon gantzutu zutela jakitean, bere zerbitzariak bidali zizkion; Hiram bizitza osoan Daviden adiskide izana zen.

16. Salomonek mandatu hau igorri zion Hirami:

17. «Badakizu gure aita Davidek ezin izan ziola Jaunari, bere Jainkoari, tenplurik eraiki, bere ingurukoekin egin behar izan zituen guduengatik, Jaunak bere etsaiak oinpean jarri zizkion arte.

18. Orain, aldiz, Jainko Jaunak lasaitasuna eman dit inguru guztian; ez dut etsairik, ez arazo larririk.

19. Horregatik, Jaunari, ene Jainkoari, tenplua eraikitzea erabaki dut, hala esan baitzion Jaunak gure aita Davidi: “Zure ondoren errege-aulkian ipiniko dudan zure semeak eraikiko dit etxea”.

20. Agindu ezazu, beraz, ebaki dezatela niretzat Libanoko zedro-sail bat. Nire morroiek zureekin batera jardungo dute, eta ordainduko dizut zeure morroientzat eskatzen didazun lansaria. Badakizu gure artean ez dela inor sidondarrak bezain trebe zuhaitz botatzen».

21. Salomonen eskari hau hartzean, Hiram biziki poztu zen eta esan zuen: «Bedeinkatua Jauna, Davidi halako seme jakintsua eman diolako, herri ugari hori goberna dezan».

22. Hiramek erantzun zion Salomoni: «Hartu dut zure eskaria eta emango dizut nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur.

23. Nire morroiek Libanotik itsasoraino jaitsiko dute; gero, almadiak egin eta itsasoz bidaliko dizkizut, zuk esandako tokiraino. Zuk, ordainez, janariz hornituko didazu etxea, nik nahi bezala».

24. Horrela, bada, nahi bezainbat zedro- eta zipres-zur eman zion Hiramek Salomoni.

25. Honek, ordainez, sei mila tona gari eta zortzi mila litro olio garbi eman ohi zizkion Hirami urte oroz, bere etxekoak elikatzeko.

26. Hitzemaniko jakinduriaz bete zuen Jaunak Salomon. Honen eta Hiramen artean bakea izan zen eta, gainera, ituna egin zuten biek.

27. Salomon erregeak lan behartuak antolatu zituen eta Israel osoan hogeita hamar mila gizon bildu zituen horretarako.

28. Hilero hamar mila laguneko txandatan bidaltzen zituen Libanora. Hilabete Libanon egin ohi zuten eta beste bi hilabete beren etxeetan. Adoniram zen langile behartu haien arduraduna.

29. Salomonek hirurogeita hamar mila zamaketari zituen eta laurogei mila hargin mendian.

30. Gainera, baziren beste hiru mila eta hirurehun lan-arduradun, Salomonen eskualdeburuek ezarriak, langileak zain zitzaten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 5