7. Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?
8. Israelgo erregeak erantzun zion Josafati:—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari berorren bitartez. Baina gorroto dut gizon hori, gauza txarrak baizik ez baitit iragartzen, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zuen:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.
9. Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!
10. Israelgo erregea eta Josafat, Judakoa, errege-jantzi ederretan, aulki banatan jarriak zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.
11. Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, burdinazko adar batzuk eginak zituen eta hau zioen: «Hau dio Jaunak: Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte».