Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Naboten mahastia

1. Hona zer gertatu zen hurrengo batean. Bazuen Izreelgo Nabotek mahasti bat Izreelen, Samariako errege Akaben jauregi ondoan.

2. Akab honela mintzatu zitzaion Naboti:—Emadazu zeure mahastia, neuretzat baratze bat egin dezadan, nire etxe ondoan baitago. Ordainetan, mahasti hobea emanen dizut; nahiago baduzu, berriz, zilarretan ordainduko dizut.

3. Nabotek erantzun zion Akabi:—Ez diezadala Jaunak utzi gure arbasoengandiko ondarea zuri ematen!

4. Akab etxera goibel eta haserre joan zen, Izreelgo Nabotek arbasoengandiko ondarea eman nahi izan ez ziolako. Eta ohean etzan zen, aurpegia gorderik, deus ere jan gabe.

5. Jezabel emaztea etorri zitzaion, esanez:—Zer duzu goibel egoteko? Zergatik ez duzu ezer ere jan nahi?

6. Erregeak erantzun:—Izreelgo Naboti esan diot bere mahastia diruaren truke niri saltzeko edota, nahiago bazuen, beste mahasti bat emango niola berearen ordez. Baina ez didala emango bere mahastia erantzun dit.

7. Jezabel emazteak, orduan:—Ez ote zara, bada, zu Israelgo erregea? Jaiki zaitez, jan, poztu barru hori. Nik emanen dizut Izreelgo Naboten mahastia.

8. Jezabelek Akaben izenean gutun batzuk idatzi, erregearen zigiluz jo eta Naboten hiri berean bizi ziren arduradun eta handikiei igorri zizkien.

9. Hau idatzi zuen gutunetan: «Agindu ezazue baraualdia egiteko. Eserarazi Nabot biltzarraren aurrean;

10. baita bi gizon maltzur-gaizto ere Naboten aurrean, eta egin dezatela testigantza hau Naboten aurka: “Jainkoa eta erregea madarikatu dituzu!” Gero, atera ezazue Nabot eta emaiozue harrika hil arte».

11. Hiri hartako jendeak eta bertan bizi ziren arduradun eta handikiek bete zuten Jezabelek bidalitako gutunetan idatzi zien agindua.

12. Agindu zuten baraualdia egiteko eta eserarazi zuten Nabot biltzarraren aurrean;

13. gero, bi gizon maltzur-gaizto etorri eta Naboten aurrean jarri ziren. Maltzur-gaizto haiek testigantza hau egin zuten Naboten kontra herriaren aurrean: «Jainkoa eta erregea madarikatu ditu Nabotek!» Hiritik kanpora atera eta harrikatu egin zuten hil arte.

14. Orduan, oharra bidali zioten Jezabeli: «Harrikatu dugu Nabot, eta hil da».

15. Nabot harrikatu eta hil zutela jakitean, Jezabelek esan zion Akabi:—Jaiki eta egin zaitez Izreelgo Nabotek diruaren truke ere eman nahi izan ez zizun mahastiaren jabe. Ez da bizi Nabot, hil da.

16. Hala, Nabot hila zela jakin zuelarik, jaiki eta Izreelgo Naboten mahastira jaitsi zen Akab, haren jabe egiteko.

Akab eta Jezabelentzat zigorra iragarri Eliasek

17. Orduan, Jauna honela mintzatu zitzaion Tixbeko Eliasi:

18. «Jaitsi zaitez Samarian Israelgo errege den Akabengana. Naboten mahastian dago, beronen jabe egiteko jaitsi baita bertara.

19. Mintza zakizkio honela: “Hau dio Jaunak: Gizon bat hil eta, gainera, harenaz jabetu? Hara, bada: Zakurrek Naboten odola miazkatu duten toki berean miazkatuko dute zure odola ere”».

20. Akabek esan zion Eliasi:—Orain ere harrapatu al nauzu, etsai halako horrek?Eliasek erantzun:—Bai, harrapatu zaitut, bada; egon ere beti prest baitzaude Jaunari atsegin ez zaiona egiteko. Horregatik, hau dio Jaunak:

21. «Hara, zoritxarra bidaliko dizut; desagerraraziko ditut zure ondorengoak eta suntsituko Akaben etxeko gizasemeak oro, libre nahiz esklabo, Israel osoan.

22. Nebaten seme Jeroboamen eta Ahiasen seme Baxaren senitarteetakoei egin niena bera eginen diet zure senitartekoei ere, haserrarazi nauzulako eta Israeli bekatu eginarazi diozulako».

23. Eta Jezabeli buruz hau dio Jaunak: «Zakurrek irentsiko dute Jezabel Izreelgo landan.

24. Akaben etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute, eta landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».

25. (Egiaz ez zen inor egon Akab bezain prest Jaunari atsegin ez zaiona egiteko; izan ere, bere emazte Jezabelek okerrera bultzatu zuen.

26. Sasijainkoen ondoren joanez, likiskeria izugarriak egin zituen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen amortarrenak adinakoak).

27. Akabek, hitz hauek aditzean, urratu zituen bere jantziak, hartu zuen soinean zakua eta barau egin zuen. Zakua erantzi gabe etzaten zen eta buru-apal zebilen.

28. Orduan, honela mintzatu zitzaion Jauna Tixbeko Eliasi:

29. «Ikusi al duzu nola apaldu den Akab nire aurrean? Hara, nire aurrean apaldu denez gero, zoritxarra ez diot bera bizi den artean bidaliko, bere semearen egunetan bidaliko diot zoritxarra haren senitarteari».