Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 2:9-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Orain, ordea, zuk ez utzi bera zigortu gabe; argia zara eta badakizu zer egin behar diozun: hil ezazu indarrez bere zahartzaroan».

10. Hil zen David eta Daviden Hirian hilobiratu zuten.

11. Berrogei urtez izan zen David Israelgo errege: zazpi urtez Hebronen eta beste hogeita hamahiru urtez Jerusalemen.

12. Ondoren, Salomon jarri zen bere aita Daviden errege-aulkian eta sendotu egin zuen haren erregetza.

13. Behinola, Salomonen ama Betsaberengana etorri zen Adonias, Hagiten semea. Betsabek galdetu zion:—Bake asmotan al zatoz?Adoniasek erantzun:—Bai, bake asmotan.

14. Eta, gero, esan zion:—Gauza bat esan nahi nizuke.Eta Betsabek:—Esan.

15. Adoniasek, orduan:—Badakizu neurea nuela erregetza, eta Israel osoak begiz jo ninduela, errege izan nendin. Alabaina, erregetza niri kendu eta nire anaiari eman diote, harentzat baitzuen Jaunak erabakia.

16. Mesede bat eskatu nahi dizut, ez ukatu.Betsabek, orduan:—Esazu.

17. Eta Adoniasek:—Esaiozu, arren, Salomon erregeari eman diezadala emaztetzat Abixag xunemdarra. Zuri ez dizu ukatuko.

18. Betsabek erantzun zion:—Ederki. Hitz egingo diot, bada, erregeari zure alde.

19. Horrela, beraz, joan zen Betsabe Salomon erregeagana Adoniasen alde mintzatzeko. Erregea jaiki egin zen amaren bila irteteko, eta makurtu beraren aurrean. Gero, bere errege-aulkian jarri eta beste aulki bat ezarrarazi zuen amarentzat, eta semearen eskuinaldean eseri zen ama.

20. Orduan, esan zion amak:—Mesede txiki bat eskatu behar dizut. Ez ahal didazu ukatuko!Erregeak erantzun:— Eska ezazu, ama; ez dizut ukatuko.

21. Eta Betsabek:—Emaiozu zeure anaia Adoniasi emaztetzat Abixag xunemdarra.

22. Salomon erregeak erantzun zion bere amari:—Zergatik eskatzen didazu Abixag xunemdarra Adoniasentzat? Nire anaia zaharragoa dela eta, Abiatar apaiza eta Tzeruiaren seme Joab bere alde dituela eta, horrentzat erregetza eskatzea besterik ez zaizu falta.

23. Orduan, Salomon erregeak zin hau egin zuen Jaunarengatik: «Zigor nazala gogor Jaunak, baldin eta Adoniasek esan duen hori bere biziaz ordaintzen ez badu!

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 2