Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 2:19-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Horrela, beraz, joan zen Betsabe Salomon erregeagana Adoniasen alde mintzatzeko. Erregea jaiki egin zen amaren bila irteteko, eta makurtu beraren aurrean. Gero, bere errege-aulkian jarri eta beste aulki bat ezarrarazi zuen amarentzat, eta semearen eskuinaldean eseri zen ama.

20. Orduan, esan zion amak:—Mesede txiki bat eskatu behar dizut. Ez ahal didazu ukatuko!Erregeak erantzun:— Eska ezazu, ama; ez dizut ukatuko.

21. Eta Betsabek:—Emaiozu zeure anaia Adoniasi emaztetzat Abixag xunemdarra.

22. Salomon erregeak erantzun zion bere amari:—Zergatik eskatzen didazu Abixag xunemdarra Adoniasentzat? Nire anaia zaharragoa dela eta, Abiatar apaiza eta Tzeruiaren seme Joab bere alde dituela eta, horrentzat erregetza eskatzea besterik ez zaizu falta.

23. Orduan, Salomon erregeak zin hau egin zuen Jaunarengatik: «Zigor nazala gogor Jaunak, baldin eta Adoniasek esan duen hori bere biziaz ordaintzen ez badu!

24. Ala Jauna, gure aita Daviden errege-aulkian ezarri eta sendotu nauena eta, hitzeman bezala, errege-etxea eman didana! Gaur bertan hilko da Adonias».

25. Orduan, Salomon erregeak Joiadaren seme Benaias bidali, eta honek Adonias hil egin zuen.

26. Abiatar apaizari esan zion erregeak: «Alde hemendik Anatotera, zeure lurretara. Heriotza merezi duzu zuk ere, baina ez zaitut hilko, gure aita Daviden aurrean Jainko Jaunaren kutxa eraman izan duzulako, eta berak jasan zituen nekeak zuk ere jasan izan dituzulako».

27. Beraz, kendu egin zion Salomonek Abiatarri Jaunaren apaiz izatea; honela bete zen Jaunak Xilon Eliren ondorengoen kontra esaniko hitza.

28. Joab ere, Absalomen aldeko ez izan arren, Adoniasen alde jarria zen; horregatik, albiste haien berri izan zuenean, ihesi joan zen eta, Jaunaren oihal-etxolara sarturik, aldare-ertzetako adarrei heldu zien.

29. Jakinarazi zioten Salomoni Jaunaren oihal-etxolan babestua zela Joab eta aldarearen ondoan zegoela. Orduan, Joiadaren seme Benaias bidali zuen Salomonek, hura hil zezan.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 2