Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 2:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Azken egunak hurbiltzen ari zitzaizkiolarik, agindu hauek eman zizkion Davidek bere seme Salomoni:

2. «Banoa ni denak joan ohi diren bidetik. Izan zaitez adoretsu, izan gizon.

3. Bete Jaunaren, zeure Jainkoaren nahia, haren bidean ibiliz. Gorde Moisesen arauetan idatziak dauden lege, agindu, erabaki eta burubideak. Horrela, ongi izango zara zeure egintza eta ibilbide guztietan,

4. eta Jaunak beteko dizu niri eman didan hitza: “Zure semeok zintzo jokatzen badute, bihotz osoz eta gogo guztiz nire aurrean leial ibiltzen badira, beti izanen da zureetariko norbait Israelgo errege-aulkian”.

5. «Bestalde, badakizu zer egin zidan Tzeruiaren seme Joabek: Israelgo bi gudalbururi, Ner-en seme Abnerri eta Jeter-en seme Amasari, egin ziena. Hil egin zituen, guduan isuritako odola bakealdian mendekatuz; horrela, odolez zikindu zituen nire jantziak. Hilketa horien errudun da.

6. Joka ezazu, beraz, argi eta ez utzi berari zaharturik eta bakean hiltzen.

7. Galaadeko Bartzilairen semeak, aldiz, har itzazu ongi eta jar daitezela zure mahaian, ni ere ongi hartu baininduten haiek, zure anaia Absalomengandik ihesi nenbilen garai hartan.

8. Hor duzu Gera-ren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindarra; izugarrizko madarikazioak bota zizkidan Mahanaimera nindoalarik. Alabaina, bera ere etorri zitzaidan gero bila Jordanera, eta nik Jaunarengatik zin egin nion ez nuela ezpataz hilko.

9. Orain, ordea, zuk ez utzi bera zigortu gabe; argia zara eta badakizu zer egin behar diozun: hil ezazu indarrez bere zahartzaroan».

10. Hil zen David eta Daviden Hirian hilobiratu zuten.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 2