Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 18:5-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Behin batez, Akabek esan zion Obadiasi:—Ibil zaitez lurraldean zehar, iturri eta erreka guztiak ikusiz, ea larrerik aurkitzen dugun geure zaldi eta mandoei bizirik eusteko. Bestela, kito gure abereak!

6. Erdibanatu zuten lurraldea, ikustera joateko. Akab bide batetik joan zen eta Obadias beste batetik, nor bere aldetik.

7. Obadias bere bidetik zihoalarik, Elias atera zitzaion. Ezagutu zuen Obadiasek eta, lurreraino ahuspeztuz, esan zion:—Ene jauna, ez al zara zu Elias?

8. Eliasek erantzun:—Bai, Elias naiz. Zoaz eta esan zeure nagusiari: «Hemen da Elias».

9. Obadiasek ihardetsi zuen:—Zein oker egin dizut, ni Akaben eskuetara emateko? Hil nazan nahi al duzu?

10. Ala Jauna, zure Jainkoa! Hamaika lurralde eta erreinutara bidali izan du Akabek jendea zure bila. Eta nonbait bertan ez zinela esaten ziotenean, zin eginez baieztatu behar izaten zion lurralde edo erreinu hark ez zintuela aurkitu.

11. Eta orain, joan eta nire nagusiari: «Hemen da Elias» adierazteko esango didazu, bada?

12. Izan ere, ni zuregandik aldendu orduko Jaunaren espirituak eraman egingo zaitu ez dakit nora eta ikusi zaitudala Akabi esan eta aurkitzen ez bazaitu, hil egingo nau. Izan gogoan gaztetandik diodala begirune Jaunari.

13. Ez al dizute zuri, ene jaun horri, adierazi Jezabel erregina Jaunaren profetak suntsitzen ari izan zenean zer egin nuen? Jaunaren ehun profeta gorde nituen leizeetan, berrogeita hamarnako taldetan, ogiz eta urez janarituz.

14. Eta orain, joan eta nire nagusiari «Hemen da Elias» adierazteko esango didazu, bada? Hil egingo nau!

15. Eliasek erantzun:—Bere zerbitzari nauen Jaun ahalguztiduna bizi dela bezain egia da, ni gaur bertan agertuko naizela Akaben aurrera.

16. Obadiasek joan eta dena jakinarazi zion Akabi. Orduan, Akab Eliasengana joan zen.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 18