Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 18:17-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Elias ikusi zuenean, esan zion Akabek:—Hona hemen Israeli zorigaitza dakarkiona!

18. Eliasek ihardetsi:—Ez naiz ni Israeli zorigaitza dakarkiona. Zu eta zure senitartekoak bai zaretela, Jaunaren aginduak baztertu dituzuelako, Baal idoloen ondoren joateko.

19. Bil itzazu israeldar guztiak niregana Karmel mendian, baita Jezabelen mahaian jaten duten Baal sasijainkoaren laurehun eta berrogeita hamar profetak eta Axera jainkosaren laurehunak ere.

20. Bilarazi zituen Akabek bai israeldar guztiak, bai profetak Karmel mendian.

21. Orduan, Eliasek herri osoarengana hurbildu eta esan zion:—Noiz arte ibili behar duzue bi doinutara dantzan? Jauna Jainko baldin bada, jarraitu Jaunari, eta Baal Jainko baldin bada, jarraitu Baali!Herriak ez zuen hitzik ere erantzun.

22. Eliasek, orduan:—Jaunaren profeten artetik ni bakarra gelditu naiz; Baalen profetak, berriz, laurehun eta berrogeita hamar dira.

23. Bekarzkigute bi zekor. Aukera bezate horiek bat, zatikatu eta ezar bezate egur-sortaren gainean, baina surik eman gabe. Nik ere horixe bera eginen dut beste zekorrarekin: egur-sortaren gainean ezarri, baina surik eman gabe.

24. Orduan, horiek beren jainkoari dei egingo diote; nik, berriz, Jaunari egingo diot dei. Sua bidaliz erantzungo duen Jainkoa izanen da egiazko Jainkoa.Herri osoak erantzun zuen:—Ederki esana!

25. Orduan, Eliasek esan zien Baalen profetei:—Aukera ezazue zekorra eta prestatu zuek aurrena, zuek baitzarete ugarien. Egin dei zeuen jainkoari, baina ez su eman.

26. Hartu zuten, bada, eman zieten zekorra, prestatu zuten eta goizetik eguerdiraino Baali deika ari izan ziren, esanez: «Baal, erantzun!» Han ez zen, ordea, inolako ahotsik, ez eta erantzungo zuenik. Dantzan ari izan ziren, egina zuten aldarearen inguruan.

27. Eguerdian iseka egiten hasi zitzaien Elias, esanez:—Egizue dei ozenkiago! Jainkoa duk, eta oso lanpetua egongo duk, edo alde egin beharra izango zian edota bidaian izango duk. Behar bada, lo egongo duk eta iratzarri beharra izanen dik.

28. Haiek, orduan, deiadar handiagoak egiten zituzten eta, ohi zutenez, ebakiak egiten zizkioten beren buruari ezpataz eta zulagailuz, gorputzean behera odola zeriela gelditzeraino.

29. Eguerdi ostean, beren profeta-trantzean jarraitu zuten arratsaldeko oparia eskaintzeko ordu arte; han ez zen, ordea, inolako ahotsik izan, ezta erantzun-arrastorik ere.

30. Orduan, esan zion Eliasek herri osoari:—Hurbil zakizkidate!Herri osoa hurbildu zitzaion. Desegina zegoen Jaunaren aldarea berreraiki zuen Eliasek.

31. Hartu zituen hamabi harri, Jakoben —Jaunak «Israel izango duzu izena» esan zion haren— ondorengoen leinu bakoitzeko bana,

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 18