Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

ELIAS PROFETA ETA ISRAELGO ERREINUA (17,1—22,54)

Eliasek lehortea iragarri

1. Galaad eskualdean zegoen Tixbe herriko Eliasek esan zion Akab erregeari: «Ala Jauna, Israelen Jainkoa! Haren zerbitzari nauzu ni. Horra, ez du ihintzik, ez euririk egingo hurrengo urteetan, nik agintzean baizik».

Elias Kerit errekara joan

2. Jaunak honela hitz egin zion Eliasi:

3. «Abia zaitez hemendik, zoaz ekialderantz eta gorde zaitez Jordan ibaiaz beste aldera dagoen Kerit erreka inguruan.

4. Errekatik edango duzu, eta zuri bertan jaten emateko agindu diet beleei».

5. Beraz, Elias abiatu eta, Jaunak agindu bezala, Jordan ibaiaz beste aldera dagoen Kerit errekan gelditu zen.

6. Beleek goizean ogia eta haragia ekarri ohi zioten, eta orobat arratsean ere, eta errekatik edaten zuen ura.

7. Aldi baten buruan, ordea, agortu egin zen erreka, lurralde hartan ez baitzuen euririk egin.

Elias eta Sareptako alarguna

8. Jaunak honela hitz egin zion Eliasi:

9. «Ea, zoaz Sidongo Sareptara eta geldi zaitez bertan bizitzen. Zuri jaten emateko agindu diot hango emakume alargun bati».

10. Elias Sareptara joan zen. Hiriko ateetatik sartzean, emakume alargun bat ikusi zuen egurra biltzen. Dei egin eta esan zion:—Ekardazu, arren, antoxinean ur pixka bat, edan dezadan.

11. Emakumea ur bila zihoanean, Eliasek dei egin eta esan zion:—Ekardazu, arren, ogi-puska bat ere.

12. Emakumeak ihardetsi zion:—Ala Jauna, zure Jainkoa! Ez dut batere ogirik; eskutada bat ogi-irin baizik ez dut katiluan, eta olio pittin bat pitxerrean. Zotzak biltzen ari nintzen, neure semearentzat eta biontzat ogi pixka bat egin, jan eta gero hil gaitezen.

13. Eliasek esan zion:—Ez izan beldurrik. Joan eta egin esan duzuna; baina egidazu aurrena niri sutopiltxo bat eta ekarri. Gero, egingo duzu semearentzat eta biontzat.

14. Hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: «Ogi-irinaren katilua ez da hustuko, ezta oliontzia agortuko ere, Jaunak lur gainera euria egin dezan arte».

15. Joan zen, bada, emakumea eta egin zuen Eliasek esana. Eta luzaroan jan ahal izan zuten Eliasek, emakumeak eta beronen semeak.

16. Ogi-irinaren katilua ez zen hustu, ezta oliontzia agortu ere, Jaunak Eliasen bidez esana zuen bezala.

Elias eta alargunaren semea

17. Aldi baten buruan, etxekoandre haren semea gaixotu egin zen, oso larriki gaixotu ere, arnasarik gabe gelditzeraino.

18. Emakumeak esan zion Eliasi:—Ez dut zurekin deus ere nahi, Jainkoaren gizon! Nire errua oroitaraztera eta nire semea hilaraztera etorri al zara?

19. Eliasek erantzun:—Emadazu semea.Hartu zion haurra magaletik, eraman zuen gora, bera bizi zen gelara, eta bere ohean etzan zuen.

20. Ondoren, honela egin zion dei Jaunari: «Jauna, ene Jainkoa, ni bere etxean hartu nauen alargun hau ere atsekabetu egin behar al duzu, semea hilaraziz?»

21. Gero, etzan zen hiru aldiz haurraren gainean eta dei egin zion Jaunari, esanez: «Jauna, ene Jainkoa, otoi, etor dakiola bizi-arnasa haur honi».

22. Entzun zuen Jaunak Eliasen deia eta etorri zitzaion bizi-arnasa haurrari eta berpiztu egin zen.

23. Eliasek, orduan, haurra hartu, etxe goiko gelatik jaitsi eta amari eman zion. Eliasek esan zuen:—Hona! Bizi da zure semea!

24. Emakumeak erantzun zion Eliasi:—Orain badakit Jainkoaren gizona zarena, eta zuk diozuna egiaz Jaunaren hitza dena.