Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 16:4-14 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Zure etxekoren bat hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute».

5. Baxaren gainerako jarduerak, egin zuen guztia eta egintza adoretsuak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

6. Hil zenean, Tirtzan ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Ela izan zen.

7. Hona zergatik zuzendu zuen Jaunak hitz hura Baxaren eta beronen etxekoen aurka, Hananiren seme Jehu profetaren bitartez: alde batetik, Jeroboamen etxekoek bezalaxe, Jaunari atsegin ez zaion guztia egin zuelako, bere egintzengatik Jauna haserraraziz; bestetik, Jeroboamen etxekoak suntsitu zituelako.

8. Judako Asaren erregealdiko hogeita seigarren urtean hasi zen Baxaren seme Ela Israelgo errege izaten Tirtza hirian. Bi urtez izan zen errege.

9. Zerbitzari zuen Zimri, guda-gurditeria erdiaren buruzagia, erregearen kontra oldartu zen. Erregea Tirtzan zegoen, Tirtzako jauregizaina zen Artzaren etxean, edaten eta mozkorturik.

10. Hortan, sartu zen Zimri eta hil egin zuen Ela. Judako Asaren erregealdiko hogeita zazpigarren urtea zen. Zimri jarri zen errege, Elaren ordez.

11. Errege-aulkian eseri bezain agudo, Baxaren etxeko guztiak hilarazi zituen; ez zuen utzi bizirik ez gizasemerik, ez ahaiderik, ez adiskiderik.

12. Jaunak Baxaren aurka Jehu profetaren bidez esan bezala, Zimrik Baxaren etxe osoa suntsitu zuen, beraz.

13. Izan ere, Baxak eta beronen seme Elak bekatu asko eginak zituzten eta Israeli eginaraziak, idolo hutsal haiek eginez, eta horrela Jauna haserrarazia zuten.

14. Elaren gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 16