Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 15:19-34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. «Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».

20. Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten.

21. Hau jakin zuenean, Baxa Tirtzan gelditu zen, Rama gotortzeari utzirik.

22. Orduan, Asak Judako biztanle guztiei, batere utzi gabe, dei egin eta Baxak Rama gotortzeko erabili zituen harri eta oholak eraman zituzten, Benjamingo Geba eta Mitzpa gotortzeko.

23. Asaren gainerako jarduerak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik.

24. Hil zenean, bere arbaso Daviden Hirian ehortzi zuten. Ondorengo erregea haren seme Josafat izan zen.

25. Judako Asaren erregealdiaren bigarren urtean hasi zen Jeroboamen seme Nadab Israelgo errege izaten. Bi urtez izan zen Israelgo errege.

26. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aitarenaren antzeko jokabidea hartuz, eta Israeli hark bezalako bekatuak eginaraziz.

27. Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak.

28. Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hil zuen Baxak Nadab, eta bera jarri zen errege, haren ordez.

29. Errege izaten hastean, Baxak Jeroboamen etxeko guztiak hilarazi zituen. Ez zuen Jeroboamen etxeko bat ere utzi hil gabe, halaxe esana baitzuen Jaunak Xiloko Ahias bere zerbitzariaren bidez.

30. Izan ere, bekatu egina zen Jeroboam, baita Israeli eginarazia ere, Jauna, Israelen Jainkoa, haserraraziz.

31. Nadaben gainerako jarduerak eta egin zuen guztia «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

32. Asaren eta Israelgo errege Baxaren artean etengabeko borroka izan zen.

33. Judako Asaren erregealdiko hirugarren urtean hasi zen Baxa, Ahiasen semea, Israel osoko errege izaten Tirtzan; hogeita lau urtez izan zen errege.

34. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Jeroboamen antzeko jokabidea hartuz eta Israeli hark bezalako bekatua eginaraziz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 15