Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 13:1-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jeroboam aldarean intsentsua erretzen ari zela, Jainkoaren gizon bat heldu zen, Jaunaren aginduz, Judatik Betelera.

2. Eta Jaunaren aginduz, deiadar egin zuen aldarearen kontra, esanez: «Aldarea, aldarea! Hau dio Jaunak: “Daviden ondorengoen artean seme bat jaioko da; Josias deituko diote. Zure gainean intsentsua erretzen duten kultu-lekuetako apaizak hil eta eskaini egingo ditu zure gainean. Giza hezurrak erreko dituzte zure gainean!”»

3. Egun hartan bertan, ezaugarri bat eman zuen Jainkoaren gizonak, esanez: «Honetan igarriko duzue Jaunak hitz egin duela: Zartatu egingo da aldarea eta lurrera isuriko gainean duen errautsa».

4. Jainkoaren gizonak Betelgo aldarearen aurka oihukatu zuen mehatxua entzutean, Jeroboam erregeak aldare gainetik besoa luzatu eta agindu zuen: «Harrapa ezazue!» Baina Jainkoaren gizonaren aurka luzatutako besoa gogortu egin zitzaion eta ezin izan zuen bildu.

5. Aldarea zartatu egin zen eta errautsa aldaretik behera isuri, Jainkoaren gizonak, Jaunaren aginduz, emaniko ezaugarriaren arabera.

6. Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:—Bare ezazu, otoi, Jauna, zeure Jainkoa; eskatu berari nire alde, besoa bere onera itzul dakidan.Jainkoaren gizonak baretu zuen Jauna eta besoa bere onera etorri zitzaion erregeari, lehen bezalaxe geldituz.

7. Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari:—Zatoz gurera zerbait jatera. Esku-erakutsi bat egin nahi nizuke.

8. Jainkoaren gizonak, aldiz, erantzun zion erregeari:—Zeure ondasunen erdia emango bazenit ere, ez nintzateke zurekin joango, ezta ogirik jango, ez urik edango ere toki honetan.

9. Izan ere, agindu hau eman dit Jaunak: «Ez jan ogirik, ez edan urik, ez itzuli lehen joan zaren bidetik».

10. Horrela, bada, beste bide batetik joan zen, Betelera etortzeko hartu zuen bidetik itzuli gabe.

11. Bazen Betelen profeta zahar bat. Jainkoaren gizonak egun hartan Betelen egin zuena adierazi zioten semeek; baita gizon hark erregeari esan ziona ere.

12. Aitak galdetu zien semeei:—Zein bidetatik joan da?Ikusia zuten semeek zein bidetatik joan zen Judatik etorririko Jainkoaren gizon hura.

13. Aitak agindu zien semeei:—Txalmatu iezadazue astoa!Astoa txalmatu ziotenean, gainean jarri

14. eta Jainkoaren gizonaren bila abiatu zen. Zuhaitz handi baten itzalean eseria aurkitu zuen eta galdetu zion:—Zu al zara Judatik etorri den gizona?Hark erantzun:—Neu nauzu.

15. Orduan, lehenengoak:—Zatoz nirekin etxera, zerbait jatera.

16. Jainkoaren gizonak ihardetsi zuen:—Ezin naiz itzuli, ezta joan ere zurekin. Ez dut ogirik jango, ez urik edango toki honetan,

17. Jaunak hau agindu baitit: «Ez jan ogirik han, ez edan urik, ez itzuli joan zaren bide beretik».

18. Beste profetak, alabaina:—Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura».Gezurra zioen.

19. Baina Jainkoaren gizonak profetarekin joan eta haren etxean jan zuen ogia eta edan ura.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 13