Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 12:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Roboam Sikemera joan zen, Sikemen batzartua baitzegoen Israel herri osoa, bera errege izendatzeko.

2. Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomonengandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuen arren, Egipton gelditu zen.

3. Baina etortzeko dei egin zioten. Orduan, Jeroboam, israeldar biltzar osoarekin, Roboamengana joan zen, esatera:

4. —Zuen aita Salomonek uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zizkigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.

5. Roboamek erantzun zien:—Zoazte orain, eta itzul zaitezte etzi.Eta jendeak alde egin zuen.

6. Roboam erregeak galdetu zien, beraren aita Salomon bizi zelarik haren zerbitzari izaniko kontseilariei:—Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot jende honi?

7. Kontseilariek erantzun zioten:—Zeure herriaren zerbitzari egiten bazara, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8. Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi ziren eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9. —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar nioke, gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan jende horri?

10. Erregearekin batera hazi ziren gazte haiek erantzun zioten:—Hona zer erantzun behar zeniokeen, zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun jende horri: «Nire atzamar txikia lodiago da gure aitaren gerria baino.

11. Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12. Hiru egunen buruan etorri zen Jeroboam, herri osoarekin, Roboamengana, beronek esana baitzien itzultzeko.

13. Erregeak oso zakar erantzun zion herriari, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe,

14. eta gazteek emana ziotenari jarraiki. Hau esan zion jendeari: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15. Erregeak, beraz, ez zion entzun jendeari, halaxe erabakia baitzuen Jaunak, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 12