Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 10:12-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Erregeak, sandalo-zurez, Jaunaren etxerako eta bere jauregirako barandak eta kantarientzat zitarak eta harpak egin zituen. Aurrerantzean ez zen halako sandalo-zurik etorri, ez ikusi egundaino.

13. Salomon erregeak ere, Sabako erreginak nahi zuen eta eskatu zion guztia eman zion; gainera, erregeak ohi zuen eskuzabaltasunez, erregali ugari egin. Ondoren, erregina bere lurraldera itzuli zen bere zerbitzariekin.

14. Urte oroz Salomon erregeari hogeita bi mila inguru kilo urre etorri ohi zitzaion,

15. eta hori, bidaiariek eta merkatariek, mendebaldeko erregeak eta Israel lurraldeko gobernariek ordaintzen zizkioten zergak zenbatu gabe.

16. Salomon erregeak berrehun babeski handi egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia zazpi kilo urre behar izan zelarik.

17. Beste hirurehun babeski txiki ere egin zituen urre garbiz, babeski bakoitza egiteko ia bi kilo urre behar izan zelarik. Eta «Libanoko Oihana» zeritzan jauregian ipini zituen.

18. Marfilezko errege-aulki bikain bat ere eginarazi zuen Salomonek eta urre garbiz jantzi.

19. Sei maila zituen errege-aulkiak; bizkarraldea biribila zuen eta jarlekuaren alde banatan besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik,

20. eta beste hamabi lehoi sei mailen alde banatan. Ez zen inongo erresumatan sekula egin halakorik.

21. Salomon erregearen edalontziak oro urrezkoak ziren; ez zegoen zilarrezkorik, zilarra ez baitzen aintzakotzat hartzen Salomonen garaian.

22. Izan ere, bazituen erregeak itsasoan ur handietarako merkataritzako ontziak, Hiram erregearen ontziteriarekin batera ibiltzeko; hiru urtetik behin ur handietako merkataritzako ontzi haiek urrez, zilarrez, marfilez, tximinoz eta indioilarrez beterik itzuli ohi ziren.

23. Salomon erregea lurreko errege guztiak baino aberatsago eta jakintsuago izan zen.

24. Denek nahi zuten Salomon ikusi, Jainkoak eman zion jakinduriaren berri izateko.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 10