Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 1:30-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

30. Zin egin nizun, bai, Jaunarengatik, Israelen Jainkoarengatik, zure seme Salomon izanen zela nire ondorengo erregea eta bera jarriko zela nire errege-aulkian. Hara, gaur beteko dut zin hura!

31. Betsabek, erregearen aitzinean lurreraino ahuspezturik, esan zuen:—Gora beti David erregea, ene jauna!

32. Davidek, orduan:—Dei egin Tzadok apaizari, Natan profetari eta Joaiadaren seme Benaiasi.Hauek sartu zirenean,

33. erregeak esan zien:—Hartu zeuekin nire funtzionarioak eta jaitsi Gihon-era nire seme Salomon, nire mando gainean jarririk.

34. Tzadok apaizak eta Natan profetak gantzutu dezatela han Salomon Israelgo errege, eta zuek, adarra joz, egin oihu honela: «Gora Salomon erregea!»

35. Igo, gero, beraren ondoren, eta hona heltzean, jar dadila nire errege-aulkian, nire ondoren errege izateko. Bera izendatzen dut Israelgo eta Judako buruzagi.

36. Joiadaren seme Benaiasek erantzun zion:—Hala bedi! Hala nahi izan dezala Jaunak, gure erregearen Jainkoak!

37. Izan bedi Jauna Salomonentzat ere zuretzat izan dena; egin dezala haren erregetza zurea baino handiago, oi ene errege David!

38. Tzadok apaizak, Natan profetak, Joiadaren seme Benaiasek, keretarrek eta peletarrek Salomon David erregearen mando gainean ezarri eta Gihonera eraman zuten.

39. Orduan, Tzadok apaizak, hartua baitzuen Jaunaren oihal-etxolatik olio-adarra, gantzutu egin zuen Salomon. Jo zuten adarra eta herri osoak deiadar egin zuen: «Gora Salomon erregea!»

40. Jende guztia Salomonen ondoren igo zen bozkario handiz eta txirulak joz. Lurrak ere dar-dar egin zuen haien oihuengatik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Erregeak 1