Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3

Itun Zaharra

Itun Berria

Titori 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Agurra

1-2. Ni, Paulo, Jainkoaren zerbitzari eta Jesu Kristoren apostolu naiz, Jainkoak hautatuak sinesmenera ekartzeko eta betiko biziaren itxaropenean oinarritzen den egiazko erlijioaren egia ezagutarazteko. Gezurrik ez dioen Jainkoak mundua izaten hasi baino lehen agindua zuen betiko bizi hori,

3. eta, berak ezarritako garaia iristean, bere mezua agerrarazi du Jainko gure Salbatzailearen aginduz gomendatu zaidan predikuaren bitartez.

4. Zuri idazten dizut, Tito, fede berean egiazko seme zaitudan horri. Jainko Aitak eta Jesu Kristo gure Salbatzaileak eman biezazkizute grazia eta bakea.

Eliz elkarteko arduradunak

5. Arrazoi honengatik utzi zaitut Kretan, konpondu gabe gelditu dena konpon dezazun; batez ere, hiri bakoitzean elkarte-arduradunak ezar ditzazun, eman dizkizudan argibideen arabera.

6. Arduradunak akats gabea izan behar du, behin bakarrik ezkondua; haren seme-alabek sinestedunak izan behar dute, jokaera gaiztoz nahiz errebeldiaz salatu gabeak.

7. Izan ere, zuzendariak, Jainkoaren etxezain denez gero, akats gabea izan behar du: ez harro, ez haserrekor, ez ardozale, ez sesiozale, ez okerreko irabazien gose;

8. ostera, ostatu-emailea behar du izan, ongia maite duena, zentzuduna, zuzena, jainkozalea, bere buruaren jabea;

9. irakatsi zaion egiazko mezuari atxikia, irakaspen zuzenez besteak aholkatzeko eta kontra daudenen irakatsiak gezurtatzeko gai izan dadin.

Sasimaisuak

10. Izan ere, jende errebelde, berritsu eta liluratzaile asko dago, judu-jatorrikoen artean batez ere.

11. Horrelakoei itxi egin behar zaie ahoa, okerreko irabazien goseak eraginda, familia osoak nahasten baitituzte, behar ez dena irakatsiz.

12. Herrialde horretako igarle batek, hain zuzen, hauxe esan zuen:Kretarrak beti gezurti,piztia txar eta tripazain alfer.

13. Eta ez zuen gaizki esan. Horregatik, zentzarazi zorrotz sinesmenean osasuntsu iraun dezaten,

14. juduen ipuinei eta egia utzi duten gizon-emakumeen aginduei jarrai ez diezaieten.

15. Garbientzat dena da garbi; kutsatu eta sinesgabeentzat, berriz, ezer ez da garbi, beren adimena eta kontzientzia baitauzkate kutsaturik.

16. Hitzez aitortzen dute, bai, Jainkoa ezagutzen dutela; baina egitez ukatu egiten dute; higuingarri eta errebelde dira, egintza on baterako ere gauza ez.